GARA
donostia

Argazki-liburuen fenomenoa, San Telmoko egitarauaren abiapuntu

San Telmo Museoak “Argazki-liburuen fenomenoa” deritzan erakusketarekin abiatuko du 2018ko egitaraua. Martxoaren 23tik 17ra bitarte, argazki-liburuek kultura bisual garaikidean duten balioa nabarmentzea izango du helburu, hastapenetatik egungo ekoizpen handira bitarteko bidea eginez.

Apirilaren 13tik ekainaren 10era bitarte Tony Ray-Jonesen obra ikusteko aukera eskainiko du Donostiako museoak. Argazkilari britainiar honek umorez jaso zuen bere lanetan 60ko hamarkadako Britainia Handia, bertakoen aisialdiko xelebrekeria, ohitura eta bestelakoak kameraren aurrean bilduz.

Uda ez da geldialdi denbora izango eta izaera oso desberdina duten bi erakusketa iritsiko dira San Telmo Museora. Horietako bat “Black is Beltza” izango da. Ekainaren 15etik irailaren 30era bitarte Fermin Muguruza musikariaren proiektua ikusi ahal izango da, nobela grafikoaren inguruan sortutako egitasmoa, Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzailearekin batera egindakoa. Uztailaren 6an, berriz, “Pradoko jainkoak. Artea eta mitoa” erakusketa inauguratuko da eta Kristo Aurreko I. mende erdialdeko urteetatik XVII. mende amaiera bitarteko obrak izango dira ikusgai, mitologia klasikoa gai hartuta.

Azaroan “Gorputza asmatzea” erakusketaren txanda iritsiko da, otsailera arte luzatuko dena. Pertsona gauza guztien neurri egiten duen humanismo errenazentistaren idealetan oinarrituta, ikerkuntza eta jakintzarako aztergai bihurtu den giza gorputza erdigunean jarrita, estetikaren, medikuntzaren, filosofiaren eta moralaren eremuetan arakatuz.