J.L.
PILOTA

Bilbaok eta Larraldek azkeneko aukera dute

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako ligaxkako hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, eta bihar izango dira bai Lehen bai Bigarren Mailako lehen partidak.

Maila nagusian, Baionako Modernen jakingo da finala jokatuko den bigarren pilotaria zein den. Peio Larraldek eta Bixintxo Bilbaok ez dute beste aukerarik izango. Bi partidetatik bat irabazi eta bestea galdu dute, eta irabazteak bakarrik balioko du.

Irabazi duten partidan biek erraz hartu zuten mendean Ximun Lanbert; Ospitalen aurka galdu zituzten partidetan, berriz, Bilbaok dezente estutu zuen finalean sartuta dagoen pilotaria, baina Larraldek astindu handi samarra hartu zuen. Hala ere, aurreko partidek ez dute balio ezertarako, eta bihar irabazten duenak otsailaren 25ean jokatuko du finala Ospitalen aurka. 

Bigarren Mailakoan ere partida garrantzitsua jokatuko da. Iturbek orain arteko bi neurketak irabazi ditu, eta oraingoan aurrean Laurent Lanbert izango du. Gerta daiteke maila honetan hiru pilotarik bi garaipenekin amaitzea, eta horregatik badaez- pada ere Iturbek ere irabazi beharko luke berea. Iturbe da bi mailetan orain arte hasierako kanporaketatik jokatzen ari den pilotari bakarra, eta oraingoz Bigarren Mailako onena dela erakusten ari da, jokatu dituen neurketa guztiak irabazi egin baititu.

Jaialdia 10.00etan hasiko da, eta Bigarren Mailako partida izango da goizeko aurreneko norgehiagoka.

Ligaxkako azkeneko partidak astelehenean jokatuko dira Donibane Garazin.