GARA
MOSKU

Errusiako hegazkin istripuan 71 pertsona hil dira

71 pertsona hil ziren atzo Errusian bi erreaktoreko AN-148 hegazkin baten erorketaren ondorioz. Moskuren periferian gertatu zen istripua eta Gobernuak adierazi zuenez, hegazkinean zihoazen guztiak hil ziren. Moskuko Trafiko Fiskaltzak jakinarazi zuenez, guztira 65 ziren bidaiariak eta gainerako seiak tripulatzaileak ziren.

Saratovskie Avialinii konpainiakoa zen hegazkina eta radarretatik desagertu zen Domodedovo Moskuko aireportutik aireratu eta minutu batzuetara, kontrol-dorrera inongo arazoren berririk helarazi gabe.

Errusiako hiriburutik Orsk-era egitekoa zen hegaldia, Ural hegoaldera. Bertako 14.21ean abiatu zen eta Arguntsevo eta Stepanovo herrien arteko zelai batera jausi zen.

Kaxa beltzetako bat berreskuratzea lortu zuten eta Errusiako Instrukzio Batzordeak nabarmendu zuen ikerketa zabalik dagoela eta ez dutela ezer baztertzen.

Konpainiak zehaztu zuenez, RA-61704 matrikula zuen hegazkina 2010ean izan zen fabrikatua eta duela bi urte erosi zuten. Era berean, pilotua, Valeri Gubanov, eskarmentu handikoa zela gaineratu zuten, hegaldietan 5.000 ordu pilatuta.