GARA
DONOSTIA

Eroskik deskontu finko bat eskainiko die bazkideei erosketa guztietan

Kontsumo kooperatiba gisa sorreratik bezeroekin duen harremana estutu nahian, Oro Txartela jarri du Eroskik bazkideen eskura. Eroski Clubeko txartel berri honekin, hilabetean 4,99 euroko kuota ordainduta, %4ko deskontu finkoa izango dute erosketa guztietan.

Eroski Cluben Oro Txartel berriak %4ko deskontu finko eta unibertsala eskainiko die aurrerantzean kontsumitzaileei sarearen barruko hipermerkatu eta supermerkatu guztietan, baita gasolindegi, bidaia agentzia, optika eta on line supermerkatuetan ere. Bezero bazkideek saldo eran edukiko dute deskontu hori, Eroski Club txartelean, ondoko erosketetan erabiltzeko.

Hala, kooperatibak dirua aurrezteko modu berriak eman nahi dizkie familiei. Eroski Club osatzen duten 3,5 milioi bezero bazkideei zabaldu die aukera. Klub hau sortu eta hiru urtera, beste pauso bat eman dute kontsumitzaileek markarekin duten lotura indartzeko. «Edonork izan dezake eskura, gure edozein dendatan izena emanda. Espero dugu bezeroek harrera ona egingo diotela», adierazi zuen Eva Ugarte marketin arloko zuzendariak aurkezpenean.

Eroski Club bezeroekin loturak handitzeko mugarria izan dela azaldu zuen: «Gure erabaki guztien ardatzean jarri du bezeroa». Gaur egun, kooperatibaren salmenten %80 bazkideen artean egiten da. Ugartek erantsi zuenez, iaz 260 milioi euro aurrezteko modua eman zieten kontsumitzaileei. «Hori, neurri handi batean, gero eta eskaintza eta promozio pertsonalagoekin egin dugu», gaineratu zuen.

Lehiakortasuna hobetzea da Eroskiren lehentasunetako bat. «Helburu hori lortzeko, gauza izan behar dugu gure bezeroen itxaropenak betetzeko». Bide horretan, berrikuntza proiektu integralak jarri dituzte abian, balio katea hobetzeko eta gaitasunak ingurune lehiakor berrira egokitzeko. Kontsumitzaileekin harremanak izateko era berri bat landu dute.