Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Itziar Okarizen «I Never Said Umbrella», edo hizkuntzaren materialtasunaz gogoeta

Itziar Okarizen ibilbidean giltzarri izan diren obren gaineko berrinterpretazioak eta ekoizpen berriko beste bi lan bildu ditu Tabakalerak «I Never Said Umbrella» izeneko erakusketan. Horietan, ahotsaren eta materiaren arteko lotura etengabeak egiten ditu artista donostiarrak eta, horien gaineko gogoetak ikusleen esku uzten ditu. Ekainaren 3ra arte, Tabakaleran.

Itziar Okariz (Donostia, 1965) ez da bere sorkuntza lanak azaldu zalea. Performance bakoitza bere horretan bakarra dela dakien bezala, defendatzen du obra baten gaineko interpretazioa begiratzen duten begien, unearen, lekuaren eta beste hainbat faktoreren eraginpean dagoela. Eta ez die beldurrik “okerreko” interpretazioei. «Halako asko bizi izan ditut eta, jada ez, ez diet beldurrik», esan zuen atzo, Donostiako Tabakalerara ekarri duen “I Never Said Umbrella” erakusketaren aurkezpenean. Eta izenburu hori bera ere gaizki-ulertu batetik datorrela zehaztu zuen, David Bowie-ren “New Killer Star” abestiaren errepikaren interpretazio oker batetik, hain zuzen: «Denoi gertatu zaigu ezagutzen ez dugun hizkuntza batean abesten ari garenean, ez diren gauzak ulertzen ditugula. Etengabe gertatzen den zerbait da», esan zuen.

Donostiara ekarri dituen lanek asko dute hitzetik, sonoritatetik, baina batez ere hizkuntzaren materialtasunean jarri du begia Okarizek eta, hortik abiatuta, Tabakalerako erakusketa aretoan bildu ditu bere ibilbidean zehar giltzarri izan diren zenbait obra –“Red Light” (1995) bideoa, “Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea” (2000-2004) saila edota “Irrintzi” (2007) esaterako– eta ekoizpen berriko beste bi: “Las estatuas” (2018) eta “Ujjayi” (2018). «Pieza askoren erroa hemen dago, hemen izan ziren sortuak, baina Itziarrek garbi zuen ez zuela atzera begirako erakusketa bat izan zedin nahi –nabarmendu zuen Beatriz Herraez arte historialari eta erakusketaren komisarioak–, obra berria ere erakutsi nahi zuen. Horrek baditu bere arriskuak, baina ekoizpen berriko obra hauek lagundu egiten digute Itziar 90eko hamarkadatik hona garatzen joan den diskurtsoa hobeto ulertzen», ziurtatu zuen.

Aurkezpenean gogora ekarri zuten eskultorea dela Okariz, eta testuaren, irudiaren eta ahotsaren bidez lantzen dituela gorputza irudikatzeko politikei eta espazioaren ekoizpenari loturiko alderdiak, arkitekturaren nahiz hirigintzaren formei beste esanahi bat emanez. Performancearen alorrean ere ezaguna da artista donostiarra, eta lengoaiaz gainera, literatura eta pentsamendu feminista ere izan ditu sorkuntza iturri.

Donostiara dakarren erakusketa iazko maiatzean Basileako Kunsthaus Baselland zentroan hasi eta ondoren Mostoleseko CA2M zentrotik igaro zen proiektuaren hirugarren eta azken atala da, eta hamabost pieza aurkezten ditu. Ekoizpen berrikoen artean daude “Las estatuas” (2018) eta “Ujjayi” (2018). Lehena hiru pantailaz osatutako bideo-instalazio bat da: mugikorraren bidez grabatutako irudietan Okariz ageri da, New Yorkeko Metropolitan Museum eta Bilboko Guggenheimen, estatuen parean jarri eta horiei hizketan. «Objektu bizigabeekin elkarrizketa bat da. Ez dago soinurik, soilik gertatzen ari denaren arrasto bat ematen digu», azaldu zuen Herraezek. Sortzen diren hutsune horiek dira, komisarioaren arabera, gakoa, ekintzak «ezkutatzen den horretatik» funtzionatzen baitu.

Ildo beretik, informazioa ezabatzetik sortua da “Capítulos 2, V.W.” (2012). Horman kokatuta dauden transkripzioetan, Virginia Woolfen “Gela bat norberarena” (1929) saiakerako –emakumeen genero rolak aztertu zituen bertan– zati bat hartu eta hainbat aldiz errepikatzen da, aldika hitz bat kentzen zaiola. Okarizen hitzetan, horrela testuinguruan eragin eta esanahi berriak sortzen dira.

Transkripzioetako hitzak ezabatu, gehitu eta eraldatzearen joko horretatik sortuak dira ere “Uno, dos, uno, dos...” (transkripzioetatik eraikitako serigrafia, 2012) eta “Si yo soy yo y tú eres tú” (performancearen transkripzioa, 2010), esaterako. Baita “Diario de sueños” ere: 2016ko azaroaren 22tik, Okarizek ametsen eguneroko bat transkribatu eta lanerako material gisa erabiltzen du.

Eta bada pieza bat bisitariak beste obrekiko duen interakzioa eteten duena: “Irrintzi” (bideo eta soinu instalazioa, 2007). Pantailan irudi estatiko bat proiektatzen den bitartean, irrintzien audioak areto osoan barreiatzen dira. «Guggenheimnerako egin nuenean, 45 minutuan etengabe irrintziak emititzen ziren, baina Basilearako moldatu egin nuen: aldiro-aldiro irrintzi bat entzuten da, areto osora hedatzen dena eta nolabait gainerako piezen zentzua hartzeko saiakera hori eteten duena», eman zuen aditzera Okarizek.