Andoni ARABAOLAZA
EKIMENA

Gipuzkoan, eskalada guneak zaintzen jarraituko dute

Gipuzkoako Mendizale Federazioak bultzatuta, «Gipuzkoako Eskalada Guneak. Berrekipamendua eta mantenimendua» izeneko hitzarmena sinatu berri du lurraldeko Foru Aldundiarekin.

Urte batzuk igaro dira Gipuzkoako Mendizale Federazioak lurraldeko eskalada guneen inguruan bultzatutako ekimenak lehen urratsa egin zuenetik. Eite guztiak ondo hausnartu eta aztertu ondoren, oinarri finko batzuk landu zituen. Mendi federazioak argi eta garbi zuen: zerrendatutako eskalada eskola guztiak zaindu behar ziren.

Ekimen horrek “Gipuzkoako Eskalada Guneak. Berrekipamendua eta mantenimendua” izena hartu zuen. Eta hura Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu zion. Aurreko agintaldian egon zirenek begi onez ikusi zuten mahai gainean jarri zitzaien proposamena. Eta 100.000 euroko kontu-sailarekin ekimena aurrera atera zen.

Inolako zalantzarik gabe, ekimen hau, aitzindaria izateaz gain, garrantzi handikoa da. Eta egungo Foru Aldundiko agintariek ere hala uste dute; izan ere, aipatutako hitzarmenak aurrera jarraitzeko erabakia hartu du.

Era horretara, urtero 20.000 euro emango ditu lurraldean dauden eskalada guneak zaintzeko; hori, 2020. urtera arte hitzartu da.

Honako eskalada guneekin hasiko dira: Zazpiturri, Txindoki, Ausa Gaztelu, Saturraran, Olatz, Aizkorriko, Ezkue-Tximistarri eta Araotz.

Garrantzi handia

Foru Aldundiak zein mendi federazioak hitzarmenaren nondik norakoak hedabideen aurrean azaldu zituzten duela gutxi. Eta aurreratu zuten, kirolgune horiek hobetzeaz gain, eskalatzaile gipuzkoarren segurtasuna bermatu nahi dutela: «Hori guztia ezinbestekoa da, baina, bide batez, beste helburu batzuk indartu nahi ditugu. Hain zuzen, eskalada bera bultzatu nahi dugu, besteak beste, eragin turistikoa duelako. Kanpotik jende askok bisitatzen gaitu, eta gure eskalada guneetara hurbiltzen dira jakin badakitelako zaintza eta egokitzapen lan horietan egiten dena, oso egokia izateaz gain, eraginkorra dela».

Bestalde, onartu dute aurreko urteetan indarrean jarri ziren irizpide berdinekin lanean jarraituko dutela. Adibidez, berrekipamendua profesionalen esku egongo da.

Bide batez, udalekin dituzten hartu-emanak azpimarratu nahi izan dituzte: «Eskola gune horiek udalen esku daude, eta hitzarmen honetan leku eta garrantzi handia dute. Izan ere, udal horiek guztiek hainbat ardura izango dituzte. Eskalada guneetara hurbiltzeko bideak, aparkalekuak, informazio taulak... zaindu eta egokitu beharko dituzte».