Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

Pipe Masters txapelketarik ez: WSL-ren hutsegite historikoa?

Lehen mailako CT zirkuituari amaiera ematen dion txapelketa mitikoa ezin izango da egin aurtengo denboraldian, WSL erakundeak egin behar zuen baimen eskakizuna epez kanpo egin duelako. Pipe Masters txapelketa historikoa 1971. urtetik egin izan da urtero.

Urteko txapelketa garrantzitsuenak ez du lekurik izango aurtengo CT zirkuituan. Munduko lehen mailako itzulia amaitzeko Pipeline urautsi mitikoan egiten den txapelketa egiteko eskakizuna epez kanpo egin izana egotzi dio Honoluluko auzapezak WSL (World Surf League) erakundeari, eta ondorioz, txapelketaren antolatzaileek ez dute derrigorrezkoa den baimena eskuratu.

Gauzak horrela, WSL erakundeak bere historian egin duen akats larriena izan daiteke honakoa; izan ere, Pipelineko txapelketa zenbait arrazoi direla medio, denboraldiko txapelketa esanguratsuena izaten da. Pipelineko olatuak duen indar eta arriskuagatik, urautsi honek duen historiagatik («surflarien meka» deitzen zaio) eta, urteko azken txapelketa izaki, maiz munduko titulua eskuratzeko erabakigarria izaten delako, ikusmin handiena sortzen duen lehiaketa da.

WSLren hutsegitea

Mundu mailako zirkuituak (QS, WQS, CT, WCT eta BWWT) antolatu eta kudeatzeaz arduratzen den WSL erakundeak urtero berrikuntzak egiteko duen politikari jarraituz, 2019ko lehen mailako denboraldia Pipelinen hastea erabaki zuen.

Kontuan hartu behar da, abendua eta urtarrila itzelezko hilabeteak direla Hawaiin txapelketak egiteko, neguko itsaski bortitzen sasoia baita; horregatik, abenduan egiten den lehen mailako CT txapelketaz harago, badira leku eta garai berean egiten diren beste zenbait lehiaketa ospetsu.

Arrazoi horregatik, erabaki horrek hautsak harrotu zituen; izan ere, urtarrilean Pipelinen egiten den Volcom txapelketak, esaterako, ez luke lehiaketa egiteko aukera bermatua izango. Arazoa, ordea, tramite burokratikoak egiteko orduan etorri da, txapelketa datak aldatzeko egin behar zen eskakizuna garaiz kanpo egin baitute.

Kirk Caldwell auzapezak argitu zuenez, neguko denboraldian (2018/2019) Oahu iparraldean txapelketa egiteko 26 eskakizun jada tramitatuak zeuden, beraz, «denek egun eta leku berean egin nahi dute txapelketa, eta hori ezinezkoa da», argitu zuen Honoluluko auzapezak. Azkenean, WSL erakundeak sei txapelketa egiteko baimena lortu zuen, baina ez Pipelinekoa.

Pipelineko txapelketak ordezkorik ez duela gauza jakina da, baina CT itzulia amaitzeko beste leku bat hautatu behar izan dute zirkuituko antolatzaileek eta, urautsi zehatza zein izango den oraindik iragarri ez badute ere, Indonesiako lekuren batean izango dela baieztatu dute.

Urautsi historikoa

Pipelineko olatua 1961eko abenduan hartu zuen lehen aldiz surflari batek. Mike Diffenderfer surf taula egilea Oahu irlako iparraldean zebilen Phil Edwards eta Bruce Brown surflariekin olatu bila. Egun batean Banzai izeneko hondartzan surf egiten aritu ziren, olatu txikiak hartu zituzten, baina hurrengo egunean berriz ere itzultzekotan geratu ziren.

Biharamunean olatuek bi metrotik gorako altuera zuten. Phil Edwardsek olatu borobilak hartu zituen eta kamera batekin irudi haiek hartu ahal izan zituzten. Edwards, beraz, Banzai hondartzan surf egiten lehena izan zen, eta gainera, irudi haiek beranduago argitaratuko zen “Surfing Hollws days” filmean agertu ziren.

Pipeline izena ere orduan jarri zioten; izan ere, bertako olatuek urautsitik gertu egiten ari ziren eraikuntza lan batzuetan zeuden hodi erraldoi batzuen antza zutela pentsatu zuten surflariek eta horrela “Pipeline” izena jarri zioten. Banzai Pipeline.

Tximista bat baino azkarrago zabaldu zen urautsiaren fama eta 1962rako jada bertako surflariak ibiltzen hasi ziren, olatuak zeuden bakoitzean uretan ikus zitezkeenak.

Urautsi honek, ordea, olatuen tamainaren arabera, izen desberdinak izan ditzake; gauza jakina da olatuak hondoen arabera lehertzen direla eta Pipelinen hiru arrezife daude: Lehen arrezifea, bigarren arrezifea eta hirugarren arrezifea.

Mundu mailako lehen txapelketa 1971n egin zuten Pipelinen eta Jeff Hakman hawaiiarrak irabazi zuen. Ordutik urtero egin izan da Pipe Masters txapelketa mitikoa; beraz, aurtengoa izango da hainbeste urteren ostean Pipelineko txapelketa egiten ez den lehen aldia.

Pipelinen txapel gehien eskuratu dituen lehiakidea Kelly Slater estatubatuarra da, 7 garaipenekin, eta bere atzetik 2010. urtean zendu zen Andy Irons hawaiiarra dago, 4 garaipenekin.

Lehen mailan lehiatzen diren neskek (WCT) soilik urte batean egin zuten Pipelinen txapelketa, 2010ean hain zuzen ere, baina azken urteetan Mauiko uhartean dagoen Honolua eskuin olatuan egiten dute denboraldiko azken txapelketa.

Baimena eskatu behar

Pipelineko urautsian txapelketa bat egiteko udaletxean egin behar den eskaera formalaz gain, beste «baimen bat» ere eskuratu behar da, hots, bertako surflariena. Da Hui surf elkartearen oniritzirik gabe inork ezin du ezer egin Pipelinen.

Ozeanoa eta kultura babesteaz mintzo da Da Hui elkartea, baina haien helburu nagusia «Pipelineko urautsian ordena ezartzea da». Horrek jendea uretatik ateratzea suposatzen du. Batzuetan, gainera, uretatik atera behar den morroia oldartu egiten zaie eta askotan ukabilkadaren bat edo beste banatu beharra ere izaten da. Horretarako prest izateko, surfean ez ezik, boxeoan eta borroka librean ere aritzen dira Da Hui elkarteko kideak. Beren elkarteko web orrialdean ikus daitekeen moduan, elkarteak bi zutabe nagusi ditu, batetik, surfa eta, bestetik, arte martzialak.

Eddie Rothman (elkarteko zuzendaria), Squidd, Perry Dane eta beste lagun batzuek sortu zuten taldea. Atzerriko jendeak beren urautsietan antolatzen zituzten surf lehiaketez nazkatuta zeuden. Batez ere, Australiako marka izenak ziren antolatzaileak eta bertakoek oso gutxitan hartzen zuten parte.

1976. urtean Pipelinen txapelketa bat egiten ari zen bitartean, surf egitera sartu ziren Rothman eta bere lagunak, lehiaketarik ez balego bezala. Fred Hemmings txapelketaren antolatzaileak bertako gazte batzuei uretara sartzeko eta txapelketa eremuan zeuden surflari haiek ateratzeko eskatu zien, baina hauek horrela erantzun omen zioten: «Fuck You Haole! Badakizu nortzuk diren horiek? Horiek, Da Hui dira, bertakoak dira eta inor ez da beraiekin nahasten».

Hasiera batean, Black Shorts izenez ziren ezagunak bertako hawaiiarrak, bainujantzi beltza eramaten zutelako. Egun hartan hartu omen zuten lehenengoz Da Hui izena, nahiz eta urte askoan oraindik Black Shorts izena erabiltzen jarraitu zuten.

Pipeline inspirazio iturri

Oahuko kostaldea inspirazio iturri izan da musika talde askorentzat. Kalifornia Behereko institutuetan sortu zen The Chantays taldeak, adibidez, 1962an disko bat kaleratu zuen, «Move it» izenekoa, eta B aldean arrakasta handia izan zuen abestia argitaratu zuten, ”Liberty's Whip” izenekoa.

Bruce Brown surflariaren Pipelineko irudiak ikusi ostean, abestiari izenburua aldatu eta “Pipeline” izena jarri zioten. Izena aldatzeari esker 1963. urteko AEBetako abesti arrakastatsuenen zerrendan laugarren postua lortu zuen. Abesti honen bertsioa musikari askok egin dute, gurean Anestesia taldeak, esaterako.

Off Spring taldeak, berriz, “Da Hui” izeneko abesti bat dauka. Kantak Hawaiin surf egiten zaudela bertakoekin izan ditzakezun arazoez dihardu. Abesti honekin bideoklip bat egin zuten eta bertan abeslaria surf egiten ari den bitartean Da Hui elkarteko kideek uretatik nola botatzen duten ikus daiteke.

Aktore lanak egiteko Da Hui elkarteko lau kide ezagunenak aukeratu zituzten eta normalean egiten dutena antzezteko ez zuten zailtasun handirik izan. Lau kideok Sunny Garcia, Johny Boy Gomes, Makua Rothman eta Kala Alexander dira.