Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Iparragirre eta Eizmendi, bikain euren lanetan

Josu Iparragirrek eta Jokin Eizmendik marka oso onak lortu zituzten herenegun arratsaldean Aiako probalekuan egin zuten saioan, bakoitzak bere harriarekin bi jasoaldi egin baitzituen.

Askorentzat agian ez zen egunik aproposena izango, ordu berean pilotako finala baitzen, eta goizean aizkora apustua izan baitzen, baina zaleek erantzun ona eman zuten, eta Aiako probalekuko harmailek oso itxura ona erakutsi zuten zarauztarraren eta azpeitiarraren marka ahaleginak ikusteko.

Bi harri-jasotzaileen artean, Jokin Eizmendi da ezagunena. Zarauztarra egungo harri-jasotzailerik onenetakoa da, eta zuen erronka ez zen erraza. 200 kiloko harri kubikoa erabili behar zuen hiru minutuko txanda bakar batean, eta oso lan ona egin zuen. Harri honi bi jasoaldi ematea lortu zuen, horrela marka pertsonala lortzeko, bertaratu ziren zaleen txalo artean. Harri kubikoa berez ez da erraza, eta zenbat eta astunagoa izan, zailtasuna areagotzen da. Hala ere, Eizmendik bi jasoaldi eder egin zituen, beretzat oso marka ona lortuz.

Josu Iparragirrek ere lan oso ona egin zuen. Azpeitiarra ez da ezaguna, oso plaza gutxi egiten baititu, tarteka marka batzuk, baina garbi utzi zuen maila oso ona daukala. Azpeitiarrak 213ko harri errektangularra erabili behar zuen, eta berak ere hiru minutuko txanda bakar bat zeukan aurretik, eta bi jasoaldi eman zizkion, marka oso ona eginez.

Aiara gerturatu ziren zale guztiak oso gustura etxeratu ahal izan ziren, bi lan oso on ikusi baitzituzten, eta ondoren egin zen erakustaldia ere dotorea izan zen. Txalo artean agurtu zituzten lanean aritu ziren kirolari guztiak.

Aian harri-jasotze saioak hasi besterik ez dira egin, eta datorren igandean izango du jarraipena, 18.00etan hasiko baita bertako torneoa. Kirolari bakoitzak hiru minutuko hiru txanda izango ditu, eta nahi duen harria eta pisua erabili ahal izango ditu. Kilorik gehien jasotzen dituen harri-jasotzaileak lortuko du garaipena.

Iñigo Eizagirre, Mikel Lopetegi, Gorka Etxeberria, Sebastien Martikorena, Josetxo Urrutia, Inhar Urruzuno eta Julio Jimenez izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak.