14/04/2018

Gehiengo eraldatzaile baten bila

Juan Jose Ibarretxek, Carlos Garaikoetxeak, Mirentxu Purroyk eta Begoña Olaizolak aurkeztu dute, bertzeren artean, Demokrazia Bai! plataforma irekia, oraingoz 70 bat lagunek osatzen dutena. Bizi dugun «larrialdi demokratikoan», politikaren ohiko erritmoa puskatu eta alarma deitzera datoz, ilusioa berreskuratu eta estatus berri baten alde egiteko.

Maider IANTZI|DONOSTIA
0414_eg_demokrazia

«Larrialdi demokratikoa» plazaratzera datoz Demokrazia Bai! plataforma berriko kideak eta hori egitea bera albistea dela uste dute. Izen bereko adierazpena izenpetu duten 70 bat lagunek askotariko multzoa osatzen dute eta euretako bakoitzak bere arrazoibidea gara zezakeen. «Bigarren berritasun bat ekartzea erabaki dugu, ordea: batera egitea, unearen larritasunari dagokion eran».

Halaxe hasten da Begoña Olaizola irakasle eta ANCko Euskal Herriko ordezkariak euskaraz eta Francisco Javier Caballero Zuzenbide Filosofikoko katedradunak gaztelaniaz irakurri zuten adierazpena. Estatu espainoleko egunotako gertaerek kezkatzen dituzte. Beren iritziz, espainiar sistema «lehertzen» ari da alde guztietatik, batik bat Kataluniako procés-agatik, bi jarrera kontrajarri eraginez: «Estatuaren inboluzioaren alde dagoen ultraerradikalismoa, eta pentsamendu kritikoaren anestesia orokorra».

EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko agerraldian hainbat lagunek parte hartu zuen, sinatzaileen lagin gisa. Han zeuden, Juan Jose Ibarretxe eta Juan Carlos Garaikoetxea lehendakari ohien ondoan, Iñigo Iruin abokatua, Iratxe Esnaola irakaslea, Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburu ohi eta gaur egun Eustateko teknikaria eta Elisabette Bizkarralegorra abokatua, batzuk aipatzeagatik. «Ideologia korronterik autoritario eta kontserbadoreenek politizatutako justizia sistemaren aurrekaririk gabeko erasoaldia» gertatzen ari dela azpimarratu zuten, «ideiak eta horien jabeak kartzelatuz, txiolariak, rap kantariak, antzezleak, grafiti margotzaileak...». Hemen ere arreta berezia jarri zioten Kataluniari: «Han botere exekutiboa eta judiziala eskutik hartuta doaz behin eta berriro kartzelatuz eta jazarriz gehiengoak hautetsontzietan herriaren erakunde gorenetarako aukeratutako hautetsiak». Arduratuta daude «erregimen monarkiko espainolaren joera inboluzionistak Europaren aldetik jasotzen duen babesagatik» ere, «ekinez zein isilduz».

Konfiantza eta ilusioa

Egoera honetan, politikaren ohiko erritmoa hautsi eta alarma piztu dute. Axolagabekeria eta hoztasuna alde batera utzi, eta kontzientzia kritikoa eta itxaropena berreskuratzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak. Berriro konfiantza eta ilusio kolektiboa sortzen laguntzea da plataformaren xedea.

«Gure esku dago beste ziklo politiko luze baten aurrean etsi eta iragarritako jazarpen-aldietan amore ematea edo gure asmoei uko egin gabe egoerari gogor eustea», ohartarazi zuten. Ekimenerako unea dela defendatu zuten: «Giza garapen iraunkorraren printzipioetan oinarritutako estatus berri bat behar dugu, gure herriari aplikatua. Hainbat arlotan eskumen oso eta esklusiboak emango dizkigun estatus bat, alegia». Ekoizpen sistemaren garapena, lan harremanetarako esparru propioa, ongizate soziala, osasuna, hezkuntza, pentsio sistema, fiskalitatea, euskararen diglosia, berdintasuna eta jasangarritasuna dira alor horietako batzuk.

«Laburbilduz, herri eta nazio bezala aintzat hartzen gaituen estatus bat behar dugu. Berdintasunean oinarritutako aldebikotasuna gure bi erkidegoen eta Estatuaren artean». Etorkizunari buruzko eztabaidak jendarte osoari irekia egon behar duela erantsi zuten, erakunde eta alderdi politikoetara mugatu gabe. Proiektu honen aldeko gogoak biltzen hasteko garaia dela aldarrikatu zuten.

Gure mugetatik at «herritarren gogoa bideratzeko ahaleginean dabilen Kataluniako herriarekin» bat egitea ona litzatekeela adierazi zuten. «Bi esparruotatik eta Estatu espainolean dauden herri eta sektore aurrerakoietatik agian balio erantsi handiko esparru bat sor genezake, demokraziari dagokionez, egungo estatu eredua auzitan jarriz».

Eskubide oro, jende ororentzat

Ez zuten aipatu gabe utzi «hamarkadetan jasandako indarkerien ondorio gisa gure gizartean irauten duen sufrimenduaren oinatza. «Ahanzturari ez esaten diogu; eskubideen urraketa guztiak aintzatesten dituen oroimenari, bai. Orobat, egiari bai, elkarbizitza demokratikoari bai».

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalari lotutako ‘eskubide oro pertsona ororentzat’ printzipio demokratikoa egia bihurtzea litzateke, plataforma berriko kideen ustez, estatus berri bat zigilatzeko modurik onena. Askatasuna, demokrazia, berdintasuna, justizia, ongizate soziala... Gure jendartearentzat, gure herriarentzat, halako oinarrizko kontzeptuak berreskuratzeko garaia dela azaldu zuten, eta horien inguruan indar politiko, sindikal, sozial, kultural, asoziatibo, indibidual eta instituzionalak elkartzeko garaia dela aldarrikatu zuten.

Kide batzuk

Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea. Lehendakari ohiak.

Iñigo Iruin. Abokatua

Anjeles Iztueta. Hezkuntza sailburu ohia eta Eustateko teknikaria

Iratxe Esnaola eta Begoña Olaizola. Irakasleak.

Mirentxu Purroy. Kazetaria.

Elisabette Bizkarralegorra. Abokatua.

Itziar Fernandez. Gizarte ekintzailea.

Francisco Javier Caballero eta Ramon Zallo. Katedradunak.

Daniel Arranz. Bizkaiko gobernadore zibil ohia.

Carlos Etxeberri. Kazetaria.

Txutxi Ariznabarreta. Independentistak Sareko kidea.

GOGOETA ZABALDU


Printzipioz, gogoeta egin eta zabaltzeko asmoa dute, baina ez diete aterik ixten beste ekimen posibleei. Bat egin nahi duenari edo zerbait erran nahi dienari idazteko eskatu diote. Hona helbidea: (demokraziabai@demokraziabai.eus).

GEROKO PROIEKTUA


Sinatzaileak askotarikoak dira, baina bat egiten dute demokrazia larri dagoela baieztatzean eta etorkizunerako proiektu bat babesteko nahian. «Horrek gehiengo berri bat eskatzen du, eraldatzailea», diote.

PRESOAK


Biktima guztiak aitortzearen alde daude. «ETAren ekintzak betiko amaitu eta sei urte luzera, preso dauden pertsonei beren ingurura hurbiltzea dagokie, salbuespenezko arauak aplikatzeari utziz».

KATALUNIAREKIN


«Herritarren gogoa bideratzeko ahaleginean dabilen Kataluniako herriarekin» bat egitea ona litzatekeela defendatu dute.

GURE ESKU


«Gure esku dago beste ziklo politiko luze baten aurrean etsi eta iragarritako jazarpen-aldietan amore ematea edo gure asmoei uko egin gabe egoerari gogor eustea», nabarmendu dute.