Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Justizia

Sakanak berezkoak dituen hodeiek albo batera egin zuten, hizkiek ez zezaten bidean oztoporik izan. Tente jarri, lerrokatu eta «Justizia» hitza osatu zuten, Iruñean sekula ikusitako zerurik ederrenean. Zortzi hizki «Justizia» idazteko, arima lapurtu dioten hitza dela jakinda ere.

Baina hitz lapurtuak kantu bihurtzen dituen herritik, to Gazteluko plazatik doazkizuen doinuak, entzun ditzaten auzitegi arrotz horretan. Zuoi ez dagozkizuelako hormigoizko hormak, arimak sendatzen dabilen herrian hazteko jaioak baitzarete. Kintoak igarota, trena hartu eta Araia, Etxarri, batera eta bestera ibiltzea dagokizue, nortasun agiria eskatuko dizueten beldur barik. Nasan irakurtzeko liburuei dagokie gizon armatuen esku ziren errepide zein trenetan jazotakoak kontatzea. Dagokizuen tokian zeundeten orain 521 egun. Zuoi dagokizue etxerako bidean lagun bat topatu eta onena gertatzear dagoela sentitzea. Zuoi dagokizue bihurrikeriatan aritzen zineten txoko hura plazeraren lekuko bihurtzea.

Zuoi dagokizue historiaren atal berria idaztea, baina jaioterri egokitu zaizuen Altsasuri ez diote barkatzen mendekuaren ordez elkarbizitza hautatu izana. Horrenbeste arima kolpatu arren bizipoza darion herriari erasotzeko datekeen modurik krudelenak eraman zaituzte ez dagokizuen ziegara. Dagokizuen Justizia gailenduko da eta elkarbizitzari egokituko zaio zuen arimak sendatzea.