GARA
BILBO

Sindikatuek positibotzat jo dute itunpeko eskoletako bigarren greba eguna

2009tik eguneratu gabe dagoen hitzarmen kolektiboa hobetzeko exijitzen dute sindikatuek eta atzo ikasturteko hirugarren greba eguna burutu zuten; eguerdian %65eko jarraipena izan zuen.

Itunpeko hezkuntzan bigarren greba jardunaldia egin zuten atzo, eta eguerdirako antolatzaileek helarazitako datuei erreparatuz, %65eko jarraipena izan zuen, lehenengo egunean bezala.

Kurtsoko hirugarren greba deialdia zuten atzokoa eta, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, EAEko itunpeko eskoletan lan egiten duten 10.000 beharginei zuzenduta zegoen. Hala, 117.000 ikasle ingururi eragin zien mobilizazio egunak.

Sindikatuek balorazio positiboa egin zuten eta Kristau Eskola zein AICE-IZEA patronalei ohartarazi zien protestekin jarraituko dutela beraien aldarrikapenei erantzunik eman ezean.

2009tik eguneratu gabe dago hitzarmen kolektiboa eta Steilaseko ordezkari Iñaki Balmasedak manifestazioan adierazi zuen bide bat hasi dutela eta «patronalek aurrerapausorik ematen ez badute jarraitu beharra» dutela.

Bestalde, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak patronal eta sindikatuen arteko elkarrizketa eskatu zuen, bere ustetan adostasunera heltzeko eman beharreko funtsezko pausoa baita.