Uda Ikastaroak hilaren 28an hasiko dira eta hainbat herritara iritsiko dira
191 jarduera eskainiko dituzte 37. Uda Ikastaroek, maiatzaren 31n hasi eta urriaren 27ra bitartean. Donostian, Bilbon eta Gasteizen ez ezik, hamabost herritan ere izanen dira ekitaldiak. Feminismoa, erretiratuen borroka eta ETAren desegitea jorratuko dituzte, besteak beste.

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuordea, Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Roberto Iñiguez de Onsoño Irizarreko Pertsonaleko zuzendaria eta Carmen Agoues EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria izan ziren atzo Donostiako Miramar jauregian kurtso hauen aurtengo eskaintza aurkezten. 37. edizioa hil honen 28an hasi eta urriaren 27ra arte luzatuko da. Tartean, 191 jarduera izanen dira ikasteko gosea asetzeko.
Azaldu zutenez, egunerokotasunean errotzea izan dute bokazio beti, etengabe aldatzen ari den jendarte batean. Aurten, aldaketa teknologikoak eta hauen eragin sozial, kultural eta juridikoak landuko dituzte, baita feminismoa eta erretiratuen borroka ere. Delinkuentziaren forma berriak, pribatutasunen mehatxuak eta hezkuntzaren etengabeko eguneratzea ere gai garrantzitsuak izanen dira.
Herritar guztiei zabalik egongo den mahai-inguru batean, ETAren desegitea aztertuko dute, Justizia Leheneratzailearen teoria –justizia, egia, erreparazio eta ez-errepikatze printzipioak– eta NBEk indarkeria politikoko eta sozialeko egoeren amaierari ekiteko emandako irizpideak, DDR gisa ezagunak, aintzat hartuta. Joxerramon Bengoetxea buru izango duen legelari talde batek parte hartuko du. Euskal Herriko kasuaz gain, Proces katalana, erreferendumak, konstituzioaren erreformak eta autodeterminazio eskubidea aztertuko dituzte, besteak beste, Victoria Camps katedradunak eta Javier Perez Royok. Amatasun subrogatuaren eztabaidari helduko diote beste bi ikastarotan; batean, medikuntzaren ikuspegitik, eta bestean ikuspegi juridiko eta politikotik.
Orion eginen dute ekitaldi bat, laster Mutiozabal ontziolaren museoa irekiko den lekuan. Hondarribian ere jarduera ireki bat egingo da, tradizio eta erritu sozialek edo espiritualek kohesio elementu gisa duten garrantziari buruz, baita gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko aldaketa eragozteko elementu gisa ere. Eibar, Azpeitia, Azkoitia, Tolosa, Irun, Getaria, Errenteria, Ordizia eta Lesaka ere bisitatuko dituzte.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
