Mañel LARENA
BERGARA

Lehen parrandaren ondorioak arinduta, kasta atera eta «jaixez» majo gozatzera

Jai giroa lehertua da atzodanik Bergaran. Parranda egiteko eta nahinon une atsegin ugariz gozatzeko aukerarik ez da falta. Gaurkoa ere gogor dator, gustu partikular oro dibertitzeko prest. Norbere gogoak Bergarako jaietan bere bidea topa dezala opatuz, ondo-ondo pasatu.

Gaua luze joan da Bergaran eta, egun argiarekin, erleak erlauntzean bezala, gaupaseroen olde eder batek hartu ditu kaleak. Horietako asko dagoeneko erretiratuko ziren eta astinaldiaren ondoren indarrak berritzen egongo dira. Izan ere, gaur kanpotar ugari hurbilduko da Bergarara, jendetza. Bigarren parranda jarraian egiteko aukerarik ez da faltako, ez.

Erraldoi eta kilikien eguna eta irteera, bigantxen errekortea, Free Style erakusketak, adin batetik aurrerako dantzagarriak, rocka eta hardcorea, kalean gora kalean behera ibiliz bada zer ikusi eta dastatu.

Biharkoa, aldiz, kanpoko senideen bisita jaso eta etxekoak atenditzeko eguna da. Xuabe-xuabe ibiltzeko hartu ohi dute bergararrek igandea: familia bazkariak, pilota partidak, erromeria, haurrekin barraketara... Hori bai, sarri gertatzen da bueltaxka lasaia egitera atera eta sekulakoarekin etxeratzea.

Hala ere, biharamunean Kuadrillen Eguna izanik, komeni da, komeni denez, loak eta indarrak errekuperatzea biziki ederra den astelehenekoari duen onena ateratzeko.

Kuadrillen Eguna

Jaietako astelehena Bergaran izan daitekeen parranda ederrenetakoa izaten da. Oso kuttuna dute. Garai batean «lunes mondragonés» esaten zitzaion egun horretan goizean goizetik kuadrillak batu, kuadrilla arteko herri kiroletan ala poteo giroan murgildu eta plaza jendez mukuru uzten duen bazkarira alimaleko jende pila gerturatzen da. Barrenak bero-bero eta gogoak libre, arratsaldean giroa mundial sumatzen da, igandeko atsedenaren ondoren, herrikideen arteko familian, gaupasa berri baterako irrintzia ibili ohi da. Egun argiz, ogia eta egunkaria erosi, eta etxera! Pixa egin eta ohera, lolo egitera.

Martitzenean, aldiz, jaien azken egunean, haurrek hartuko dute protagonismoa. Barraketan prezio espezialak, fritura usain exotiko gozoak... Haiena da eguna eta merezi duten neurrian disfrutatzea dagokie. Ez dira faltako pilota profesionala, gimnasia erritmiko emanaldia plazan, Aukera dantza konpainiaren emanaldia, dantzagarriak... gauean Bitorianatxoren igoerak jaiei akabera eman arte.