GARA
GASTEIZ

«Emakume-gaiztakeriak», Natalia Albenizen eskutik

«Emakumeoi zuzenean eragin eta egunerokoan marka uzten duten genero estereotipoak» landu ditu Natalia Albeniz gasteiztarrak ARTgia zentroaren laguntzaz osatu duen erakusketan: «Genero estereotipoak: emakume-gaiztakeria». Ekainak 17ra arte egongo da ikusgai.

ARTgia sorgune & aretoak otsailean egindako beka deialdian hautatuetako bat izan zen Natalia Albeniz eta Gasteizko Judimendi auzoko zentroak emandako laguntzari esker aurkeztu berri du “Genero estereotipoak: emakume gaiztakeria” erakusketa, areto horretan bertan.

Aurkezpenean Albenizek berak azaldu zuenez, erakusketak «estereotipoak lantzen ditu, zehazki, emakumeoi gure egunerokoan eragiten diguten horiek. Atentzioa ematen didate emakumea eta gaiztakeria lotzen dituzten horiek, pertsona, hezkuntza edo norberaren bizipenen gainetik emakumea eta gaiztakeria lotzen dituzten aurreiritziak».

Ilustratzaile eta artista bisual gasteiztarrak nabarmendu zuen estereotipo horiek berebiziko garrantzia dutela «emakumeon identitatea osatzeko unean, inguruarekiko eraikitzen ditugun erlazioetan eragina dutelako, emakumeon artean ditugun harremanak gaiztotzen dituztelako edota hurkoa etsai moduan ikusarazten digutelako». Era berean, azpimarratu zuen «oso garrantzitsua» dela «emakumeari eskaintzen zaion tratamendua, gorputza objektualizatuz, adibidez». Horrek «errepresio forma ezberdinak garatzen ditu bai fisikoki, psikologikoki eta sozialki, baita pertsonalki eta talde mailan ere». Irantzu Lekue ARTgia sorgune & aretoko zuzendariak, bere aldetik, nabarmendu zuen «Albenizen lana zeharo ironikoa dela, ausarta, kontraposizioan oinarritzen dena».

Erlijioaren zama

Era berean, Lekuek artista gasteiztarraren proposamenak epaimahaikideen artean «oso harrera ona» lortu zuela azpimarratu zuen; «horregatik jaso du Albenizek ARTgia! Beka Injuve eta Gauekoak programarekin elkarlanean». Lekuek hau zehaztu zuen: «Albenizen lanek Mendebaldeko testuinguruan ezarritakoa eta erlijioaren pisua ezbaian jartzen dute; emakumeak daukan rola eta bere gorputzarekiko harremanak dituzte hizpide bai arlo pribatuan bai gizarte mailan».

Albenizek estereotipoei dagokienez aurki daitezkeen adibideak asko direla nabarmendu zuen: «Lilith-ena da horietako bat, Adan abandonatu zuelako, eta kontraposizioan bestelako emakumeak agertzen dira, Ama Birjina, adibidez, ontasun, eskuzabaltasun edota purutasuna bezalako kontzeptuekin. Sukuboak daude ere, hauekin kontraposizioan, emakumea probokazioarekin lotzen dutenak». Baina emakumearen «gaiztakeria» hori forma askotan agertzen dela azaldu zuen, besteak beste, «telebistan edo zineman. Kontakizun klasikoekin gertatzen da, barruan biltzen zaizkizun metafora eta kontzeptuak oraindik indarrean daudelako eta horietan emakumeak onen bandoan daude edo gaiztoen bandoan daude. Biak ala biak ebaluatuak. Biak ala biak kontrol baten menpe. Eta atentzioa, etengabeko ebaluazio eta epaiketa horiek egiten diren bitartean ez da arretarik jartzen gizonek egin duten horretan».

Natalia Albenizen lanak ARTgia zentroan egongo dira ekainaren 17ra bitartean.