Ariane KAMIO
DONOSTIA

Marra gorriaren gainean

Zentsura eta Literatura Biltzarra abiatu zen atzo Donostiako Miramar jauregian hainbat gonbidaturen hitzaldiekin, eta jarraipena izango du gaur. Parte-hartzaileen artean izango da Ismael Manterola, zentsurak artean izan duen eragina aztertuz. Era berean, Koldo Mitxelenan ikusgai dagoen erakusketa baten zuzendaritza darama Alexander Gurrutxagarekin batera. Gerra garaitik ia gaur eguneraino doan ibilbidea, zentsuraren marraren gainean egina.

“Debekatuak baina ez ahaztuak” erakusketa ikusgai da Koldo Mitxelenako liburutegian, Alexander Gurrutxagak eta Ismael Manterolak zuzendutako proiektuaren baitan. Azken horrek parte hartuko du gaur Donostiako Miramar jauregian egiten ari diren Zentsura eta Literatura Biltzarrean. Berea, ordea, arteari lotutako interbentzioa izango da. Ibilbide kronologiko bat arte plastikoek gerra garaitik XXI. mendera jasan duten zentsuraren inguruan. Sistematizatutako ikerketarik ez duen eremu baten gainean arituko da; «harrigarria badirudi ere, ez dago ikerketarik arte plastikoak frankismoan jasan zuen zentsuraren inguruan». Frankismoaren lehenengo urteetatik hasiko da, batez ere gerraren hondarretatik. «Arte konprometitua eten nahi izan zuten, Errepublikatik zetorrena, hau da, arteak konpromiso sozial bat izan beharrarena». Lortu zuten hura moztea, eta baita etekinak ateratzea ere. «50eko hamarkadan otzandutako arte sistema bat lortu zen». Garai hartan etorri ziren Antoni Tapies eta Eduardo Chillidaren arrakasta urteak. Baina 60ko hamarkadan artea berriro hasi zen gizartera hurbiltzen eta «konpromiso soziala estutzen doan heinean zentsura gogor hasiko da debekatzen, trantsizio urteetaraino». 80ko hamarkadatik aurrera «arte sistema domestikatu bat» lortu zen berriro, ia oraintsu arte mantendu dena.

Erakusketa KMKn

Jardunaldi horien baitan kokatzen da Manterolak berak eta Alexander Gurrutxagak Koldo Mitxelenako liburutegirako diseinatu duten erakusketa. “Debekatuak baina ez ahaztuak” sei ataletan banatzen da eta hurrenkera kronologikoz aztertzen ditu Euskal Herrian aplikatutako hainbat zentsura eredu.

Panel eta material osagarriz osatutako ibilbidea zentsura legeekin abiatzen da, «zentsura nola instituzionalizatu zen gerra bukatu aurretik eta ondoren». Zentsura legea, Manuel Fragak 1966an bultzatakoa, esaterako, eta beste instituzio batzuek aplikatzen zutena dakartza adibide gisa. Elizarena, esaterako. Eredu zehatz bi ere batzen ditu, Jorge Oteizaren argitalpenekin lotuak: “Quosque Tandem” eta “Ejercicios espirituales en un túnel”. «Lehenengoa argitaratu zuenean zentsura pasa zuen uste zutelako hura egilearen zorakeria bat zela eta ez ziotela kasurik egingo. Baina bigarrena argitaratu zenean, ohartu ziren arrakasta lortu zuela, eta debekatu egin zuten».

Bigarren atala zentsuraren helburuetara gerturatzen da eta tartean daude Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren funtsetik ateratako materialak edo bertsolaritzak zentsurarekin izan zuen harremana. «Bat-bateko ariketa zenez, gaiak aurretik proposatzea eskatzen zieten bertsolariei. Informe ridikuluak dira, zeren gero bertsolariak kantatzen zuen kantatzen zuena». Hirugarren atalean, Alfonso Sastre eta Gabriel Aresti, eta biek zentsurarekin izan zituzten gorabeherak agertzen dira.

Laugarren atalean, zentsura trantsizio gisa ezagutu den garaian, 1981era arte. Zentsuraren jarraipenaren adibideak txertatu dira, baita eskuin muturreko taldeek komunikabideen aurka egindako erasoak ere, Herri Irratia edo “El papus” aldizkaria kasu. Bosgarrenean, zentsuraz gain, autozentsura da gai nagusi, nola diskurtsoak moldatzen ziren zentsura pasa ahal izateko. Amaieran, hausnarketa: Zentsura amaitu da?