I. C.
EUSKOTREN LIGA

San Juanek talde luze eta lehiakorra duela erakutsi du Coruñako Bandera irabaziz

«Batelerak» traineruak erakustaldia eman du berriro ere Galiziako bigarrenjardunaldian, estropada eta bandera irabaziz, eta Ligan bere lidergoa sendotuz.

San Juanek aurten ere txapeldun izan nahi duela argi eta garbi utzi zuen atzo berriro ere, Galiziako bigarren jardunaldian. “Batelerak” traineruko neskek Coruña Hiriko Bandera eraman zuten etxera, asteburuko bi jardunaldietan lortutako garaipenei esker. Eta ez hori bakarrik, arrosek talde luze eta lehiakorra dutela erakutsi zuten, atzokoan Aitor Ugartek bost aldaketa egin baitzituen.

Prestatzaileak estropada amaitzean argitu zuenez, asteazkenean Gipuzkoako Traineru Txapelketa dela-eta egin zituen aldaketak, baina zera gaineratu zuen: «Denak gai direla ikus dezaten egin ditugu aldaketak».

Hala, honako arraunlariek egin zuten atzo lan: Ane Pescador, Oihana Cereijo, Ioana Alijostes, Onintza Olaizola, Iana Cardellach, Vicky Piñeiro, Irati Larrañaga, Sarai Lizaso, Josune Ugarte, Maria Mendizabal, Ane Arbillaga, Irene Arbeo eta Alazne Egiazabal. Patroi lanetan, Nerea Perez izan zen berriro ere.

Pasaitarrek lautik lau irabazi dituzte Ligan eta, 16 punturekin, 4ko aldea ateratzen diote Oriori –bigarren izan zen Galizian–, 9 Hondarribiari –hirugarren–, eta 11 Arraun Lagunak-i.

Hondarribia-Arraun Lagunak

Lehen bi postuak lehenengo paladatik ia erabakita, atzoko estropadan –baldintzak hobeak izan ziren– Hondarribiaren eta Arraun Lagunaken arteko lehia izan zen biziena. Halako batean epailea tartean sartu behar izan zen bi ontziak elkarrengana asko ari baitziren gerturatzen. Azkenean, “Ama Guadalupekoa”-k 3. postua lortu zuen, azken txanpan olatu ona hartuta.