Euskal selekzioa, Europako Txapelketan gaurtik hasita
Nazioarteko joko zuzenen eta one wall jokamoldeen lehiaketa izango da Herbehereetan, larunbatera arte.

Gaurtik larunbatera bitartean euskal selekzioak Nazioarteko Esku Pilotako Konfederazioak (CIJB) antolatzen duen Europako Txapelketan hartuko du parte. Lehiaketa Holandako Franeker hirian izango da eta Euskal Herria ordezkatuz hamaika pilotarik hartuko dute parte.
Inhar Ugarte, Iban Jauregi, Iñaki Esnal, Ekhi Ziarrusta, Pantxoa Valencia, Lur Ziarrusta, Iker Kamiruaga, Gaizka Iruretagoiena, Amaia Araiztegi, Patri Espinar eta Olatz Arrizabalaga dira hautatuak, eta Jose Mari Mitxelena eta Aitor Erauzkin teknikarien esanetara jardungo dira.
Hiru jokamolde desberdinetan egingo dira lehiaketak. Joko zuzenen multzoan sartzen diren llargues eta nazioarteko moldeak –bote luzearen egituraketa berdina dute eta batetik bestera eremuaren neurria eta pilota bakarrik aldatzen dira–, eta one wall izenekoa, azken urteetan Euskal Herrian ere ikusgai izan dena zenbait torneotan –txaparik gabeko frontisa erabiltzen da eta beste hormarik ez–. Ez dira euskal pilotariek gehien lantzen dituzten jokamoldeak, baina maila oso polita erakutsi izan dute lehiatzeko aukera izan dutenean.
Lehiaketa gaur hasiko da nazioarteko jokamoldean, gizonezko nahiz emakumezkoetan. Euskal Herriak gizonezkoetan bakarrik hartuko du parte eta B multzoan dago, Belgika eta Ingalaterrarekin batera; A multzoan, berriz, Valentzia, Holanda eta Frantzia daude. Lehenik ligaxka bat egingo da, talde bakoitzak bi neurketa jokatuz, eta aurreneko biek finalerdietarako sailkapena eskuratuko dute.
Bihar nazioartean horrenbeste arrakasta duen one wall jokamoldearen txanda izango da. Hiru mailatan jokatuko da, gizonezkoak binaka, emakumezkoak binaka eta emakumezkoak banaka. Mutiletan, Euskal Herria B multzoan dago, Holanda eta Ingalaterrarekin batera, eta nesken binakakoan ligaxkako aurkariak Holanda eta Italia izango dira. Hemen ere aurreneko biak sailkatzen dira finalerdietara.
Nesken bakarkakoari dagokionez, hiru ordezkari izango ditugu: Amaia Araiztegi A multzoan, Olatz Arrizabalaga B multzoan eta Patri Espinar E multzoan. Multzo bakoitzean lau pilotari daude eta bakoitzak hiru partida jokatuko ditu ligaxkan, baina aurrenekoak bakarrik lortuko du kanporaketetara sailkatzea.
Txapelketa larunbatean amaituko da llargues jokamoldearekin. Gizonezkoen mailan bakarrik jokatuko da, eta Euskal Herria A multzoan dago Belgika eta Frantziarekin batera. Formatua aurreko egunetakoaren berdina izango da.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
