Nagore BELASTEGI
ABORDATZE TXIKIA

PIRATA BIHURRIEN FAMILIEN ARTEKO GERRA, BIZKOTXO BATEN TRUKE

SARI SINBOLIKOA MERIENDA BAZEN ERE, ABORDATZE TXIKIAN PARTE HARTU ZUTEN UMEEI EZ ZITZAIEN GEHIEGI INPORTA BIZKOTXOA EMATEA EDO EZ. NAHIAGO ZUTEN BALTSARIK HANDIENA HARRAPATZEA, AITATXORI EZPATAKA IRABAZTEA EDO AMATXO GOITIK BEHERA BUSTITZEA. DONOSTIAKO PIRATEN HARROBIA FESTARAKO PREST DATOR.

Handitzean Ezkila kapitaina bezalakoak izan nahi duten ehunka txikik Abordatzea egin zuten atzo Donostiako kaian. Gurasoek, segur aski, duela urte gutxi pirata handiekin egin zuten bezalaxe, orain beraien txanda zen hiriko jaietan parte hartzearen hautua egiteko. Hemendik gutxira beraiek izango dira oraingoei lekukoa hartu eta festa parekideak antolatzen ibiliko direnak. Eta batek daki, mordoxka batzuek Ezkilaren gona gorria eta irribarre handia janzteko aukera ere izango dute.

Baina momentuz Pirata Bihurriak kofradiaren txaleko berdea janztearekin nahikoa dute. Batzuk Karibeko piraten tankeran jantzita gerturatu ziren; eta beste batzuk, modernoagoak, surflarien itxura zuten gehiago, neopreno eta guzti. Baina orokorrean, zapiak ziren nagusi. Zapiak buruan eta lepoan, koloretsuak batzuk, beltzak besteak.

Eta pinturak zein lan garrantzitsua egin zuen! Partxeak begi gainean kokatzeko, zauriak josteko, biboteak orrazteko, ezpainak margotzeko edota tatuajeak egiteko... denerako eman zuen. Kuadrilla batek bizkarrean garezur erraldoia zeraman, itsasoko lapurrik beldurgarrienaren parean.

Txikiak irrikatzen zeuden Abordatzea hasteko. «Noiz joango gara uretara?», galdetu zion mutiko batek amari, eta honek erantzun zion itxoiteko, megafoniatik deituko zituztela. Izan ere, urduritzen hasita zeuden umeak, jada arratsaldeko bostak gerturatzen ari zirelako eta portuan ez zegoelako barku txikien arrastorik. Pixkanaka jende gehiago biltzen zen heinean, piratek azken ukituak emateari ekin zioten: goizean pintatutako orbanak berriro errepasatu egin behar ziren. Bi anai-arrebak, esaterako, ia-ia desagertuak zituzten aurpegiko josturak. Gurasoek esan zutenez, goizean goiz pirataz jantzi ziren eta ia bazkaldu ere ez zuten egin, hain zeuden urduri, arratsaldean zetorrena buruan.

Ingurura begiratuz gero, kaiak gerra txiki bat zirudien. Plastikozko zein gomazko ezpaten borroka ugari zeuden, eta gurasoak beti galtzaile... Ez zirudien Abordatze Txikian parte hartzeko gogo handirik zutenik, bikoteek elkarri galdetzen ziotelako ea aurten nori tokatzen zitzaion uretan sartzea. «A, aurten libratu naiz, ni hemen egongo naiz garagardoa edaten», esan zuen aita batek poz-pozik bikoteari iseka eginez. Bikoteak hasieran gogaitu aurpegia jarri zion, baina seguru uretara salto egiteko desiratzen zegoela.

Minutuak aurrera zihoazen eta bostak aldera, merienda ordua zela-eta, haurrak gose zirela adierazten hasi ziren. Batzuk pipak janez (eta azalak lurrera botatzen) asetzen saiatu ziren arren, beste batzuek zerbait gehiago behar zuten. «Orain ez dugu jango, bestela pisua hartuko dugu eta gero ezingo dugu barkua mugitu», bota zuen ama batek txantxetan.

Denak uretara

17.15 aldera Ezkila kapitaina iritsi zen. Antolatzaileek atzerapenagatik barkamena eskatu zuten: euria hasi zenez, dena pixka bat trabatu omen zitzaien. Baina jendeari ez zitzaion gehiegi inporta, parte-hartzaileetako asko jada uretan baitzeuden jolasten.

Abordatze Txikiaren dinamika pixka bat desberdina da helduenarekin konparatuz: umeek ez dituzte baltsak muntatu behar eta puzgarriak uzten dizkiete, txandaka ibiltzen dira eta kaitik ez dira irteten. Hala, suziria bota ostean, taldeka hasi ziren haurrei deitzen. Bi edo hiru ume heldu bakoitzeko barkutxo batean, eta txikiek aldez aurretik txaleko puzgarriak edo mangitoak jantzi behar zituzten. Lurrean utzitako ezpata gerrari jarraipena emateko, ur kanoiak banatu zituzten, baina oraingoan ondokoei botatzeko. Baltsen arteko gerra. Eta nortzuk izan ziren ia hoberen pasatu zutenak? Helduak, noski, baita hasiera batean gogaitu aurpegia jarri zuen ama hori ere.

Helburua koloretako oihal zatiak zintzilik zituen soka bateraino iritsi eta bat hartzea zen. Lehorrera itzultzean, antolatzaileei oihala ematean, trukean bizkotxoa ematen zieten umeei. Beraz, aurretik merienda eske zeudenek gosea nolabait ase ahal izan zuten. Pixkanaka, Bixente Zaraguetaren estatuaren begiradapean jolasean ari ziren ume guztiak itsasoratzen joan ziren, eta kanpoan gelditu ziren guraso harroek aitona-amonei erakusteko argazki politak atera ahal izan zituzten. Eta hala, konturatu orduko, arropa lehorrak jantzi eta goxo-goxo etxeratzeko ordua iritsi zitzaien.