05/09/2018

Fredi Paia
Bertsolaria
«Filioque»
Ekialde Hurbilak Europa izateari utzi zion. Europak Ekialde Hurbileko atearen kontrola galdu zuen eta sei mende geroago urtero milaka milioi euro ordaintzen ditugu ordutik eratorritako egoeraren ondorioz

Florentziako Santa Maria del Fiore katedralean, 1439ko uztailean, Europa politikoki eta sozialki kohesionatzeko itun historikoa sinatu zen, “Laetentur coeli” izenburupean. Kristautasunaren adar nagusi biek, katolikoek eta ortodoxoek, doktrina bateratua hitzartu zuten. Gerora egikarituko ez zen adostasun bidezko Europa zabalago eta anitzagoa. Gaurko begietara, mendeetan elkarrekin lehiatutako sustrai bereko korronte ideologiko ezberdinen hitzarmen politikoa litzateke. Arrisku bakarra zegoen, Kostantinoplako biztanleek filioque deitzen zutena. Hau da, Erromako Aita Santuak, bere hutsezintasunaren izenean (infalibli txo!), hitzarmenen gainetik egokiena iruditzen zitzaiona egin eta esateko zeukan eskubidea.

Nikolas V.a aita santuak horixe bera egin zuen, bera hautatu zuen komunitateak hitzartutakoaren gainetik egokiena iruditzen zitzaiona. Eta bere hutsezintasunaren ondorioa hondamendia izan zen. Ekialde Hurbilak Europa izateari utzi zion. Europak Ekialde Hurbileko atearen kontrola galdu zuen eta sei mende geroago urtero milaka milioi euro ordaintzen ditugu ordutik eratorritako egoeraren ondorioz. Eragindako sufrimendu, hildako eta miseria izpirituala ahaztu barik.

Aurtengo udan zehar, euskal gizartearen gutxiengo estatudunak, urduri, euskal gizartearen gehiengo politiko artikulatu baten aurrean, filioque egiteko erregutu dio Urkullu jaunari, influencer ezberdinen bidez. Eta badirudi lehendakaria bere hutsezintasuna aplikatzeko irrikan dagoela. Lidergo gaitasuna deitzen diote batzuek, tirania deitu zioten greziarrek. Andoni Ortuzarrek, Erdi Arotik berba eginez, presidente den alderdiak sinatutakoa eta «fede dogmak» bereizi ditu.

EAJ eta EH Bilduko boto-emaileok azalpen bat merezi dugulakoan nago. Zer dago lehendakariarentzat euskal gizartearen gehiengo politiko eta sozialaren adierazpen hitzartuaren gainetik? Patxi Lopez eta Pepiño Blancoren transbertsalitatea? Zelan erakarriko dugu inor sinatu ahala publikoki deskalifikatzen dugun hitzarmen batera?