Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Lurra hartu ote?

Non eta Forondan izan zen, hango larretan izan ere. Noiz eta pasa den domekan. Nork eta jelkide eta jeltzaleen buruak esan. Zer eta betikoa esan, edo. Betikoa? Ez! Aurton berririk izan da, ustez, sarri gerora usteak ustel izaten diren arren. Eta berria ez da belartzan izan, pulpitutik esandakoan baino. Omen. Amen. Egia esan, ni ez nintzen egun horretan hango jai-esparruan bertan izan, baina ondoko basotik ari nintzen… rovellon-etan zelatari, otarrea eskuan, eta, hara!, entzun nionean zur eta lur geratu nintzen, otarrea eskutik jausi ere. Aurton bai, pentsatu nuen kolpe batean, aurton hauek lurra hartu dute Forondan! Ondo etorriak lurrera!

Hara zer entzun nion, pazientzia agortzen ari zaiela! Ama, ama! Nortzuei eta eurei, Jaungoikoan eta lege zaharretan ainguratuta eguna egunerokoa kudeatzen pasatzen dutenei, noizbaiteko zerbaiten esperoan egonda «bien bitartekoa» kudeatzen pasa ere; hortaz, bitartekari, hemen eta Katalunian ere. Eta, orain, pazientzia galtzen? Zer dela eta? Klima aldaketaren eragina ote? Azken batean, Estatutuaren 39 urteko ez-betetze hori ez dut uste nik jelkide eta jeltzale horiek pazientzia galtzeko nahikoa motiboa denik, diot nik, 69 balira, tira!

Beste gauza bat da lege zaharrak, alardeak barne, behingoz historiarako utzi eta behingoz ere moketa ez den lurra hartzen duten, baina zaila da hori ondorioztatzea urtean behingo pulpitu-aldi batetik. Mon Dieu!

Pazientzia agortze bidean dutela pentsatze hutsak ikaraz jartzen nau. Badakit gerra hotza ez dela izango, beroketa globalagatik, baina zer egiteko ez ote dira hauek gauza izango! Historian sekula, santa bada ere, ez dira halako jokabidean izan, eta? Akaso mendira joko? Transferentzia-borrokan gauez hasiko? Ene, ene! Otarrea lurretik jaso eta alde egin dut, bunker baten bila…