Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Interes labur eta ertainak

Erdibideko hauteskundeetarako hamabost egun falta direnean (edo Khaxoggi kasuan konplizitatearen zangoa gerritik goraino sartu duela begi-bistakoa denean?), Trumpek iragarri du, Bolton aurretik botata, 1987ko INF-Intermediate Range Nuclear Forces Treaty ituna salatzeko erabakia hartu duela. Bejondeiola! «euromisilak» hitza berpiztea lortu du. Zer gehiago? Bere hautesle fededunek estimatuko ote diote ateraldia? Asko gehiagorako ez baita...

1987ko abenduaren 8an R. Reaganek eta M. Gorbatxovek zeremoniatsuki Etxe Zurian sinatu zuten tratatuak, gaur egun, Versailleskoaren edo Westfaliakoaren eraginkortasun bertsua duelako. Hutsaren hurrengoa. Hogeita hamar urte askotxo dira egungo arma batzuentzat. Bestelako kontua izango litzateke zortzi urte lehenago Vienan izenpetu zen SALT II tratatuaz ari bagina. Baina sinatu eta bi urtera jazo zen Varsoviako itunaren suntsipenak historia liburuetarako utzi zuen INFa. Aurreko hamar urteetan Europako politikagintza baldintzatu zuten «euromisilak» hitza desagerrarazteraino.

Berez, irismen labur eta ertaineko misilak egiten soilik ez, erabiltzen ere jarraitu dute tratatu hura sinatu zuten bi potentziek... hitzarmena hautsi gabe. INFak soilik eragozten baitu horrelakoak lehorrean instalatzea. Hau da, Europan. Baina itsasontzietatik eta urpeko ontzietatik jaurtitzea beti izan da zilegi, tratatuak dioenaren arabera. Eta horrela, ehunka, agian mila bat, tomahawk eta kalibr jaurti dituzte hiru hamarkada hauetan Estatu Batuek eta Errusiak, Sudanen, Iraken, Somalian, Libian, Sirian, Yemenen... Betiere lehergai konbentzionalekin.

Hobe (?) horrela. Zeren eta, duela 30 urte “detektaezinak” omen ziren misil horiek, gaur egun, aire-defentsa txukun samarrarekin topo egiten dutenean, apenas heltzen diren jomugara erdiak ere. Siriako azken adibideak oso adierazgarriak dira. Hobe izango da eraitsitako misilak buru nukleardunak izango balira zer gerta litekeen asmakizun entretenigarria izatea.

Edo itunkidea ez den Txinari presio egin nahia besterik ez da?