Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Ohiturari eutsi, alferkeriaz bada ere

Behar bezala bete dituzu Euskaraldian izena emateko datuak. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan egingo dugun ekimeneko partaide zara. Zorionak eta ongi etorri!». Oraintxe ikusi dut oharra, eskaera egin eta berehala bidali didatena. Alabak eskaera egin eta berehala, egia osoa esateko. Badakizu, egingo dut, hiru hilabete falta dira, oraindik bi hilabete, oraindik ia hilabete... «Laster jasoko duzu ariketa eroso egiteko informazioa», jarraitzen du mezuak. Badakit gutxi gorabehera zertan den; hala ere, eskertuko dut informazio hori, nahiz eta, nire nagikeriaren zurigarri, eta aldi berean haren egiaztagarri, ariketa hori orain arte bezain eroso eta deseroso egiten jarraituko dudan. Esan nahi dut hamaika egun horietan ez dudala ezer berezirik egingo neure hizkuntza ohiturei dagokienez.

Ez naiz euskaldun eredugarria, ez euskaldun ez pertsona edo hanka biko tramankulu eredugarria. Euskara nire lehen hizkuntza da, lehenetsia, nahiago dudana, nahi dudana eta aukeratu nuena. Ohitura bat da, ona bezain txarra. Horregatik, hamaika egun horietan egunero egiten dudan horixe egingo dut. Egunero bezain eroso –uste dut esana dudala nagi samarra naizela–. Eta deseroso.

Seguruenik, irribarre batez erantzun edo galdetzen didan jende gehiago topatuko dut, batzuek erdaraz galdetu edo erantzunda ere, baina baita «¿ya vienes a tocar los cojones?» ezin argiago adierazten duten begiradak ere. Orain arte egunero bezala.

Orduan, zertarako da ariketa hori?

Ez da lorpen makala izango baten batek lehenik euskaraz egiteko edo euskara entzunda ulertzen duela esateko ohitura hartzen badu. Aurrerantzean nik erosoago egingo dut eguneroko ariketa, bide batez bat baino gehiago konturatuko baita benetan izorratzen duena bere begirada baldarra dela.