Ariane Kamio
(Euskal) Kazetaria
IKUSMIRA

Ez dadila inor mugi

Gozagarria da pulpitutik aritzea. Utz ditzagun hitz-olde nagiak eta aitor dezagun. Ea, denok elkarrekin: P-U-L-P-I-T-U-T-I-K. Egiaren bila doazen diskurtso borobilenak nork lehenengo bota. Etikaren izenean, moralaren izenean, gizalegearen izenean. Norberaren ustearen gorentasunaren izenean. «Nik diot. Hala da». Horixe azken denboran erabilitako formula.

Bai. Hiru egun pasa dira Berri Txarrak MTVko agertokira igo zenetik. Iragarpenak hautsak harrotu zituen. Nola halako musika (eta bizitza) eredua bultzatzen duen erakustaldi batean izango diren nafarrak makro zera baten azpian joko duen taldea. Nola saldu dituzten haien jarraitzaileak merkatu globalizatura. Nola jaurti dituzten sasietara orain arte haien kantuetara lerroratutako eslogan aldarrikatzaileak. Nola bihurtu diren traidore traidorerik ez dagoen herri batean. Nola?

Zilegitasun osoa kritikari. Nola ez, kritikarik ezean aurrerabide gutxi izango baitu ezein kulturak. Baina destrukzioari, desakreditazioari eta lezioak emateari... STOP.

Ezer izan badu euskaraz sortutako orok bere txikitasunaren aldarrikapena izan da, eta horri balioa eman zaio, gorazarre egin. Laudatu da hizkuntzaren minusa, gutxiengotasuna. Nano-perlak etxe barruan.

Zergatik egurtu txikitasunari handitasuna emango dion kultur aukera bat? Gure konplexuen menpeko izaeraren erakusle bat baino ez da antzematen erabaki horri emandako egurraren atzean. Pulpitu ibiltariak ozen, bere lekutik inor mugi ez dadin. Domaia, larunbat iluntzean milaka dezente lagunek ikusi baitzuten Iñigo Cabacasen aurpegia Galder Izagirrek astindutako bateriaren bonboan.