Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Hondamendirako bideak

Testuingurua – hil ala biziko hauteskunde-kanpaina– kontuan hartuta ere, zaila da Trumpek Ekialde Ertainerako darabilen politika, edo dena delakoa, ikusita, ez gogoratzea Francesc Camboren aburu zaharra: «Bi era daude ezinbestean hondamendira joateko: bat, ezinezkoak eskatzea; bestea, ezinbestekoa atzeratzea».

Ezinbestekoa atzeratzearena begien bistakoa da Arabiako MbSren kasuan. Esan gabe, Rooseveltek Tacho Somozari buruz bota zuena, «He's our bastard», baliarazi nahi izan du Trumpek Riad-eko hiltegi-buruari zutik eusteko. Alferrik izango da. Mohamed Bin Salman ahituta dago. Eta ez, bereziki, Khaxoggi laurkitu eta azidotan desagerrarazi izateagatik; oso antzeko zerbait egin zuen Hassan II.ak Ben Barkarekin, eta, hala ere, tronuan hil zen askoz beranduago. Khaxoggirena egiten ere erakutsi duen baldarkeriak kondenatzen du MbS. Beste hamaika baldarkeriaren errematea delako. Saud-en Etxeak ezin du haren eskuetan geratu; gauzak ondo, errege-etxeko errebolta batek amaiaraziko du MbSren agintaldia. Gauzak okertzen badira, ordea, R. Fisken hipotesia beteko da: «Hurrengo arabiar iraultza Arabian izango da; baina errege-etxetik etorriko da». Eta hala balitz, egin kasu lehengoan beste aditu batek, R. Cockburnek, zioenari: «Gogoratzen al duzue Irango xah? Zenbat arma saldu genizkion?». Bada hori.

Iran aipatu eta... hara hondamendirako beste bidea. Ezinezkoa eskatzea. Trump administrazioak ozenki esan du jada zigor ekonomikoen helburua dela erregimena eroraraziko lukeen estutasunera eramatea herrialde hura. Utz dezagun une batez albora deliberoaren kriminalkeria. Egingarria ote da? Oso nekez. Hamarkada bat baino gehiago eman du lehen ere Iranek antzeko egoeran; eta ez zuen amore eman. Gainera, orduan askoz adostasun gehiago eta arrazoi garbiagoak zirela eta, nola edo hala enbargoarekin bat egin zutenek orain pentsatu behar dute zein izan daitekeen hurrengoa, Estatu Batuak horretara zaletuko balira. Eta akordio nuklearrak iraungita geratzen dira, noski.

Benetan hori lortu nahi ote da?