Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ahalduntzera sartu, boteretuta atera

Elkartu ginen hainbat lankide, hainbat belaunalditakoak, denok emakumeak. Elkartu ginen ahalduntze-ikastaro bat egiteko, gure erakundean berdintasun-plan bat ezartzeari begira, ohartu-jabetu-ahaldundu-boteretu ibilbidean aurreneko fase biak eginak ditugulakoan. Denetarik geunden horri dagokionez, noski, kalean bezalaxe: emakume guztiok ez gara, ez gaude, berdin; emakume izate hutsagatik, ez dugu bizimodu bera, pentsaera edo sentiera bera, eta ez gatoz leku beretik, eta ez dugu helmuga bera. Gure kasuan, gainera, gure beharrean berdintasuna benetakoa dela da pertzepzio orokorra, eta gehiengoak ez dauka oso argi berdintasun-plan horren beharra. Abiapuntu konplikatu samarra, hori, ikastaro-emailearentzat, halako erresistentziazko jarrera zenbait partaiderengan. Ederra, nire ustez, partaide guztion zintzotasuna, orotariko bizipenen eta iritzien trukea, eztabaida, gogoeta… Izan ere, politikoki zuzena dena esatera joaten bagara, tokian toki unean uneko egoeran egokiena delako, honelakotzat edo halakotzat joko gaituzten beldurrez, jai daukagu. Orduan, ez da izango prozesu parte-hartzailerik, adosturik, eta, horrexegatik, onarturik, baizik eta, beste behin, berdintasunaren izenean egiten diren hainbeste itxurakeria horietako beste bat.

Bada, ez gurean, ez horixe. Han elkartu ginen, eta nork bere tokitik parte hartu, babesezko guretzako gune batean, denetariko emakumeak: pentsatzen dutenak jendartean dagoen matxismotik libre gaudela, erakundean; uste dutenak egon egongo dela zer hobetu horretan, beharbada, nahiz eta ez ohartu derrepentean, ez dugulako bizi egoera edo kasu agerikorik; argi dutenak andrazkoak nagusi garen erakundean bertako arduretan edota esparru publikoan parte hartzeko orduan andrazkook izatea gutxien badela zerbaiten erakusgarri, badela jendartearen isla, eta badela «izaera-kontua» ohikoaz harago joaten saiatzeko nahikoa arrazoi.

Kasualitatea ala ez, eta denetan salbuespenak salbuespen, gela hartan bilduriko belaunaldietan zaharrena da lehenengo uste hori duena, tartekoa bigarren iritzikoa, gazteena gurea ere ez dagoela jendartearen nolakotasunetik –egitura heteropatriarkaletik– kanpo argien duena. Baina hango jarrerak, hango enpatia, sororitate hura… erreala dela beste behin egiaztatu genuelako bakarrik merezi du esatea boteretuago alde egin genuela.

Ondoren, erakundeko gizonezkoen txanda izango da. Hori bai gu baino erronka erronkagoa ikastaro emailearentzat… Eutsi goiari!