Asier AIESTARAN

Behobiaren (eta gutako bakoitzaren) gorabeherak

Ibilbide gorabeheratsua du Behobiak. Mugitzen duen jendetzarekin batera, horixe da agian lasterketaren ezaugarri nagusiena. Eta aurtengo Behobia gorabeheratsua izan da niretzat, zentzu guztietan.

Uda amaieran parte ez hartzekotan nengoen, mila arrazoi tarteko ia kirolik batere ez nuelako egin aurreko hilabeteetan. Irailarekin batera, ordea, entrenatzen hasi eta motibazioak gora egin zuen. Azken astean, ordea, etxeko txikia gaixotu eta denok erori gara apur bat berarekin. Eguraldi iragarpenek ere hego haizea emana zuten lasterketa egunerako, ia 20 graduko tenperatura... Zalantzak berriz ere.

Horiek denak ahaztuta, irteeran naiz, Joseinaren energiaz busti eta apur bat niretzat hartzeko prestu. Aurreneko pausoak beti bezala lekua hartzen joateko dira. Irungo aldapetan gora lehen beroaldia, eta presoen senideak egoten diren kurban ileak tente. Beraiek gu animatzen, alderantziz izan beharrean. Aupa zuek! Irungo Bentak auzotik pasatzen jada, eta gorputza ongi erantzuten ari da. Lainotuta dago eta eguzkirik gabe hego haizea eramangarria egiten zait. Zintzurra busti, dutxa inprobisatutik pasa, eta Gaintxurizketan gora goaz. Oraindik indarrez ondo gaude, eta arazorik ez.

Beherako bideari ekin diogu, eta hor motibazio nagusia piratak bere lekuan jarraituko duen ala ez ikustea da. Halako batean entzun dira lehen rock akordeak. Tipoari emandako energia txutea eskertu eta bagoaz Errenteria aldera. Inguru honetan hasten naiz normalean hanketan lehen neke zantzuak antzematen, eta erritmoa apur bat lasaitu dut badaezpada. Karretera bazterretan dagoen jendetza, bidea estutzean sortu den inbutuko gorabeherak, ur apur bat hartzera joan... Konturatzerako irten gara herritik eta, gaitz erdi, ongi noa. Egunak itxura polita hartu du.

Pasaia-Herrera pare horretatik aurrera, lasterketa amaiera usaina hartzen hasten da, nahiz eta dezente falta den oraindik, asko, segur aski, tope-topera irten direnentzat. Erlojurik gabe joaten naizenez, orain hasi naiz denboran pentsatzen, eta, kasualitatez, 1:40ko erbiak pare honetan harrapatu nau. Berekin egin ditut minutu batzuk, Mirakruz igo ere bai, eta, nahiko ongi noanez, aurrera egitea erabaki dut.

Azken txanpa ez zait motz-motza egin, baina itsasoa ikusteak ematen duen pozarekin zain dauzkadan etxekoen bila hasi naiz. Suertez ikusi ditut eta azken metroetarako indarra eman didate. Zazpigarrena botata, eta, Behobiako ibilbideak bezalaxe, nire bizipenek ere amaiera polita izan dute. Milesker boluntarioei guztiei, hurrengo urtera arte!