Imanol Carrillo
Kazetaria
IKUSMIRA

Estalpe eske, Talaia ikastolako Satarkan

Duela astebete eskas ikastolako gurasoen lehenengo bilera izan genuen gure seme-alaben andereñoarekin. Bertan, bi eta hiru urteko umeak hara eta hona jolasean non ibiltzen diren erakutsi ziguten: ikasgelak, psikomotrizitate gela, logelak, bideogela, jantokia, sukaldea... Argi geratu zitzaigun dena prest dagoela, gure seme-alabek energia guztia ikastolan bertan gastatu eta, ondoren, etxean, bai siestan bai gauean ondo lo egin ahal izateko.

Kasualitatez, ikasturtea hasi zenetik oso egun gutxitan egin du euria. Hori da, behintzat, nire sentsazioa. Hasierako asteetan, egokitzapen prozesuan murgilduta geundela, eguzkia izan zen protagonista. Umeak gela barruan elkar ezagutzen zebiltzan bitartean, zenbat aldiz kexatuko ginen gurasook patioan egiten zuen beroaz! Ikasgela barruan ere bero egiten zuela aitortu behar dut.

Behin egokitzapen prozesua atzean utzita, iritsi zen eguzkia hodeien artean ezkutatu eta euriak lekua hartu zion eguna. Eta orduan konturatu ginen gurasook, andereñoak, eta gehienbat umeak, zein garrantzitsua den ikastola batean estalpe bat izatea.

Hondarribiko Talaia eskola publikoan, Satarka eraikinean alegia, 2-3 urteko umeak ezin dira patioan jolastu euria egiten duen egunetan. Aspaldiko eskakizuna da estalpea, baina hori ordaindu beharko lukeen erakundeak oraindik ez du ezertxo ere egin. Umeek, helduek bezalaxe, haizea hartzeko beharra dute, eta gela eta pasilloetan pilatuta aritzeak ez die batere mesederik egiten heziketarako. Iazko neguko euri-jasarik aurten ez sufritzea espero dugu...