Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Robert Jasper, bakarkako esplorazioa Groenlandian

Hilabeteko bidaian, eskalatzaile alemanak Molar Spire horman «Stonecircle» bidea (7c, 450 m) zabaldu zuen. Denera, kayakean 100 kilometro eta beste 100 oinez egin behar izan zituen. 90 kiloko hornidura eta tresneria eraman zuen gainean.

«Zibilizazioaren azken puntua atzean utzi eta bakarkako espedizio bat egitea zen nire helburua. Gainera, ‘fair means’ edo ‘bitarteko garbiak’ bezala ezagutzen den estiloan; hots, ni gehien erakartzen nauen estiloan. Erronka pertsonal oso handia izan da, besteak beste, itsasoan kayakean arraun egin eta horma handi bat era askean behar nuelako eskalatu. Eta hori guztia urrutiko leku basati batean bakar-bakarrik bateratu behar nuen. Beldur nintzen ez nintzela gai izango aurrera egiteko, eta, lortu ondoren, Groenlandiako eskarmentu honek nire ibilbidean berebiziko garrantzia izan du. Lan hauek guztiak soilik lagun batek kudeatzea eta aurrera egiteko indarrak edukitzea ez da batere erraza izan».

Adierazpen hauek Robert Jasperrenak dira; hain zuzen ere, Groenlandian eginiko bakarkako esplorazioaren ondoren GARAri eskaini dizkionak. Baina hitz hauek herren geratzen dira, baldin eta ez badugu aipatzen eskalatzaile zein alpinista alemanak Groenlandian zer egin duen.

Bada, iragan udan, Jasperrek uharte horretan bakarkako espedizioa egin zuen. Esplorazioa zen espedizioaren oinarria, eta, nolabait esan, amaiera horma baten eskalada zen. Eta, oro har, lasai asko esan daiteke helburu guzti-guztiak bete egin dituela.

90 kiloko tresneria eta hornidura gainean zuela, Kungmit herrixkatik irten zen, Groenlandiako ekialdean dagoen inuiten azken kokalekutik. Kayakean 100 kilometro eta beste 100 oinez egin ondoren, lerrootako protagonistak eskalatzeko oso aproposa zen murru bat aurkitu zuen. Fox Jaw izeneko zirkuan oinarrizko kanpalekua antolatu zuen, eta aurrez aurre ametsezko paradisua zuen: makina bat granitozko erpin. Horietako bat aukeratu zuen: Molar Spire. Eta erpin horretan “Stonecircle” bidea (7c, 450 m) zabaldu eta era askean igo zuen.

Hauek guztiak dira, beraz, Jasperrek Groenlandian eginiko bakarkako espedizioaren lerroburuak, hots, bere adierazpenak konprenitzeko ematen ditugun azalpenak.

Inork ez du zalantzan jartzen Jasperrek eskaladan zein alpinismoan duen izena, baina alemanak bere buruari galdetzen zion hilabeteko bakarkako espedizioa “fair means” estiloan egiteko gaitasuna ote zuen. Jasperrek berak aitortu digunez, izaera horretako jardun bat egiteko entrenamendu gogorra behar izan du egin: «Iazko neguan ‘Flying Circus’ (M10) bakarka egin nuenean, niretzat oso inportantea izan zen. Bolada luze bat gaixorik egon nintzen, eta bide hori egin nuenean ohartu nintzen egin dudan espedizio honetarako proba bat zela. Jakin nahi nuen, sasoia berreskuratuta ote nuen, eta ohartu nintzen bide onetik nindoala. Gainera, ‘Flying Circus’ bezalako marra entzutetsu baten lehen bakarkako igoera egitea handia izan zen».

Protagonistak Kandersteg-en dagoen izotz eta mistoko marra hori aipatu du, baina bere ibilbideari begiratzen badiogu konturatuko gara bakarkako jardueretan espezialista handia dela. Estilo horretan eginiko ia denak “etxean” bertan egin ditu, hau da, Alpeetan: Eiger, Matterhorn, Grandes Jorasses, Les Droites... Baina kanpora ere irten da: Patagonia, Himalaia...

Eta alemanak aitortzen duenez, zerrenda luze eta mamitsu horretan pilatutako eskarmentuak Groenlandiara joateko erabakian pisu handia izan du: «Beste urrats bat izan da. Jakina, lagunekin egin izan banu, askoz ere dibertigarriagoa izango zatekeen. Baina, egun, etapa honetan buru-belarri sartuta nago. Arriskuen kudeaketa handitzen da, eta hori ondo bideratzeko eskarmentu handia behar duzu izan. Horrekin batera entrenamendu oso ona, tresneria hoberena, burua argi eta autokontrol handia».

Hiru egun

Arestian aipatu dugu Jasperrena bakarkako espedizioa izan dela. Eta hala izan da. Alabaina, gehitu nahi izan digu espedizioaren hasieran eta amaieran Frank Kretschmann kide eta argazkilaria izan duela ondoan.

Fox Jaw-en altxatutako kanpalekura heltzeko hamabi eguneko hurbilketa bidea egin behar izan zuen. Bakar-bakarrik zegoen, hartzen balizko arriskuekin oso erne: «Jakin banekien, egoera hori ahal zen egokien kudeatu behar nuela. Urduri egon nintzen, baina muturreko egoerarik ez nuen igaro. Nire eskaladarako Molar Spire aukeratu nuen. Haren oinarrira joan nintzen, baita aztertu ere. Lehen igoera batek sortzen dituen zalantzak erakargarriak iruditzen zaizkit. Igoko duzun balizko bidea aztertzen duzu, baina ez dakizu eskalada hori gainditzeko gai izango zaren. Erronka handia da!».

Jasper prest zegoen, Molar Spireko paretan zain zuen marra eskalatzeko. Argi zuen era askean igo nahi zuela: «Hormara heltzeko, lehenik eta behin elurrezko korridore bat gainditu behar izan nuen. Lehen bi egunetan zazpi luze eskalatu nituen, baina, eguraldi ezegonkorrarengatik, kanpalekura behin eta berriz jaitsi nintzen. Egun horietan igo nituen luzeak oso zailak ziren. Artesi batzuk bazeuden, baina pareta behetik gora ez zuten zeharkatzen. Gehienez, 7c graduko zailtasunak gainditu nituen, baina kalitate handiko arroka trinkoan».

Nahiz eta eguraldia ez zen batere ona, hirugarren egunean eskalatzaile alemana arriskatu eta bidea amaitzera abiatu zen: «Dena ondo zihoan, baina gailurretik 80 metrora nengoela, euria hasi zuen. Harkaitza oso irristakorra zegoen. Une jakin horretan neure buruari galdetu nion agian jaistea erabaki onena izango zela. Baina, ez, aurrera jarraitu nuen. Atzera egiteko erabakia hartu izan banu, jakin banekien, egun horietan eginiko lan guztia berriro egin beharko nuela. Eta hori oso gogaikarria zen!».

Arrisku guztiak ondo aztertu ondoren, eskaladarekin jarraitu eta gailurra zapaltzea erdietsi zuen: «Lainoa altxatu zenean, ikuspegia erabat aldatu egin zen; aukera izan nuen inguruko mendiak eta fiordoak ikusteko. Bakar-bakarrik nengoen, eta inguruan gizabanakorik ez zen ikusten. Bazirudien zeruan nengoela».

“Stonecircle” sortu eta era askean igo eta gero, Jasperrek bide osoa rappelatu zuen. Eta 18 orduko jarduna egin eta gero, kanpalekura heldu zen.

30 eguneko bidaia horretan, 100 kilometro oinez, beste 100 kayakean eta 1.000 metroko pareta batean jardun ondoren, protagonista hau Kungmit herrixkara itzuli zen.

Argi eta garbi du Groenlandian izandako eskarmentua berezia izan dela oso: «Bizitzan izaten ditudan gauzarik garrantzitsuenak harritsuak eta gogorrak izaten dira. Horiek dira memorian finkatzen direnak. Azken espedizio honek nire mugak zabaldu ditu. Inguru natural eder batean egin dudan izugarrizko abentura izan da. Mugarri garrantzitsu bat. Ez da batere erraza izan; izan ere, bakarkako espedizio horrek asko eskatu dit. Azken urtebete honetan gogor entrenatu naiz. Sasoiaz gain, burua asko landu dut: hilabetez ez dut inorekin hitz egin».