GARA
REALA

Barrenetxea eta Roberto Lopez, 2025era arte

Realeko lehen taldeak Valladoliden biharko partida (18.30) prestatzen jarraitzen duen bitartean, klubak bi albiste on eman zituen atzo. Izan ere, Roberto Lopez eta Ander Barrenetxea jokalari gazteek 2025era arte berritu dituzte euren kontratuak talde txuri-urdinarekin.

Barrenetxeak lehen taldearen kamiseta jantzi du jada –Okzitaniako Tolosaren aurkako lagunartekoan– eta 18 urtez azpiko espainiar selekzioak deitu du orain dela egun batzuk, 16 urte izanda. Donostiarrak gipuzkoar ororen ametsa betetzen jarraitu nahi du, Realeko jokalari izatekoa, alegia. Gaur egun Reala C taldean ari da jokatzen.

Roberto Lopezen kasua ere etorkizun oparo baten apustua da. Espainiar selekzioetako deialdietan egon ohi da eta aurten San Mameseko derbian garaipena lortu zuten jokalarien zerrendan izan zen harrobiko gaztea.

Sarrerak

Bitartean, lehen taldea gaur entrenatuko da berriro ere, 10.30ean, Valladoliden aurkako neurketa prestatzeko. Partidarako sarrerak bihar –10.00etatik 13.00etara eta 16.30etik partida hasi arte – Anoetako behin-behineko leihatilan erosi ahal izango dira. Anoetako bulegoa eta Atano IIIa. pilotalekuaren artean kokatuta dago behin-behineko leihatila. Helduentzako sarreren prezioa 25 eta 50 euro bitartekoa izango da.

Bestalde, Gipuzkoako Gurutze Gorriaren “Beren eskubideak jokoan” kanpainarekin bat egingo du Realak umerik oparirik gabe gera ez dadin Gabonetan. Bihar estadioaren inguruan hiru gune egongo dira nahi duen zale orok jostailuak entregatzeko.