Iraia OIARZABAL

Usteak biluzten

Emakume beltzek sufritzen zuten sexu jazarpena salatu eta euren arteko ahizpatasuna sustatu nahian erabili zuen lehen aldiz Me Too (Nik ere) esamoldea Tarana Burke aktibista afro-amerikarrak 2006. urtean, Myspace sare sozialean. Baztertutako komunitateetako emakumeek bizi zuten egoera ikusaraztea zuen helburu, erasoak izan ziren horiei guztiei bakarrik ez zeudela adieraztea. 11 urte geroago, Harvey Weinstein zinema produktoreak urteetan zehar egindako sexu abusuak argitara atera ziren unean mundu osoko milaka emakumek hashtag bihurtu den #MeToo horri heldu zioten, bere jatorria zein zen ezagutu gabe.

Gerora eskainitako elkarrizketetan Burkek berak azaldu zuen bere hitzen zergatia. 13 urteko gazte batek sufritutako sexu abusuak kontatu zizkionean mutu gelditu zen, «nik ere bai» erantzuteko gai ere ez zela. Horren ondotik, Just Be Inc plataforma sortu zuen Burkek, “Me Too” lelopean. Komunitate afro-amerikarretik Hollywoodera iritsi ziren hitzak biral bihurtu ziren joan den urtean, Burkek bilatzen zuen hura lortuz: ikusezina zena argitara ateratzea, beldurrari aurre egitea, enpatia eragitea. Euskal Herrian «Manada auziaren» ondotik zabaldutako «Nik sinisten dizut» mezuak ere ahizpatasun hori adierazten du.

Indarkeria matxistaren inguruan dauden uste oker eta aurreiritzi guztiak biluzten ari dira, egunez egun, milaka emakume. Mugimendu indartsu bat errotzen ari dira. Bistan da oraindik asko direla zabaldu beharreko begiak, aldatu beharreko pentsaerak. Normalizatua dagoen sistema sexista horri arrakalak sortzen ari zaizkio, ordea. Norabide horretan gero eta gehiago izatea, hori da erronka.