A.O.
HARRI

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa, bihar gauean Asteasun

Bihar 22.00etan, Asteasuko pilotalekuan, sei harri-jasotzaile plazaratuko dira Euskal Herriko Harri Handien txapela jokoan delarik (ETB1-ek zuzenean emango du). Baina aurten hutsune nabari bat izango da: Aimar Irigoien. Errezildarra azken urte hauetan jaun eta jabe izan da, baina aurtengoan parte hartzerik ez du izango lesio bat tarteko.

Txapelketari berari dagokionez, aldaketa txiki bat dago: bakarka aritu beharrean, binaka egingo dute lana, ordu horietan hasita saioa laburragoa egiteko. Hiru minutuko tartea izango dute harri batetik bestera.

Faborito garbirik ez badago ere, Jokin Eizmendiren aldeko joera sumatu dugu. Bikoteak zozketa bidez honela osatu dira: Imanol Illarramendi eta Julen Diaz, Iban Ugartemendia eta Aimar Galarraga, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Jokin Eizmendi.

Diez arabarra da eta beste bostak gipuzkoarrak. Erabiliko dituzten harriak 175 edo 200 kiloko harri laukia, 175 edo 200 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Bakoitzarekin hiru minutuko denbora izango dute. Orain gutxi euskal pentatloiarekin pasa zen moduan, ETBren apustuak indarra eman diezaioke lehiaketari eta ikusi egin beharko da jendeak nola hartzen duen ordutegi berria.

Emakumezkoen Kopa

Bestalde, gaur ostirala San Tomas eguna ospatzearekin batera, 13.30ean, Donostiako Trinitate plazan bost emakume aizkolari neurtuko dira. Lana, 36 ontzako bost enbor ebakitzea. Parte-hartzaileak, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo, Irati Astondoa, Maria Do Amparo Sousa Xanta eta Itxaso Onsalo dira.