Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Manaslu mendia ere goitik beherako neguko igoera jasotzeko prest

Helburu hori lortzen saiatuko direnak Pemba Gelje Sherpa nepaldarra eta Simone Moro italiarra dira. Gainera, estilo alpinoaren aldeko apustua egin dute. Sokada hori Mera Peak-en (6.476 m) girora egokitu da.

Karakorumeko mendilerroan dauden Nanga Parbat eta K2 edo Chogori mendiak neguan igotzen saiatuko direnen lanek erritmo ezberdina daramate. Daniele Nardi eta enparauek Nanga Parbateko Mummery espoloiari metro batzuk kendu dizkioten bitartean, Chogorikoak kanpaleku nagusiaren bidean dira. Gogora dezagun K2 mendian bi taldek jardungo dutela: Alex Txikonen taldeak eta errusiarrek lideratzen duten espedizioak.

Bien bitartean, joan den urtearen amaierarekin Himalaiako zortzimilako bat, Manaslu, neguan igotzeko saiakeraren berria jaso genuen. Karakorumekoek ez bezala, Manaslukoek gaia oso isilean izan dute. Talde horren burua Simone Moro da, eta ondoan beste alpinista bat izango du soilik: Pemba Gelje Sherpa nepaldarra. Soilik bi laguneko talde horrek joan den abenduaren 28an Nepalera bidaiatu zuen. Hara joan aurretik, Morok aurreratu zuen estilo alpinoaren aldeko apustu garbia egingo dutela.

Urte berriaren hasierarekin batera, bi alpinistok martxan jarri ziren. Lehen fasea, girora egokitzeko fasea, bukatu dute. Mera Peak-en (6.476) izan dira. Eta hori amaitu bezain laster, kanpaleku nagusira abiatu, antolatu eta lanean hasi dira.

Goitik beherakoa

Irakurle askok jakingo dutenez, Moro zortzimilakoen neguko jardunetan espezialista handia da. Haren curriculumari esker, kapitain handia goitizena jarri diote. Eta ez da harritzekoa, besteak beste, lau zortzimilakoen neguko lehen igoerak erdietsi ditu: Shisha Pagma, Makalu, Gasherbrum II eta Nanga Parbat.

Pemba Gelje Sherpak, berriz, neguko eskalada horietan ez du eskarmenturik; alabaina, horietako batzuk poltsikoan sartu ditu: Everest, (4 igoera), Kangchenjunga, Cho Oyu eta Manaslu.

Azken zortzimilako horri dagokionez, aurreratu behar dugu duela lau urteko neguko denboraldian Moro Tamara Lunger italiarrarekin saiatu zela.

Baina Manaslu neguan igo denez, zergatik itzuli da berriro Moro? Erantzuna oso argia da: egin diren igoera guztiak ez dira bete-betean neguan izan. Hots, negu astronomikoan. Beraz, irakurtzen denez, amaierarik ez duen betiko eztabaidarekin jarraitzen dugu. Orain arte, zortzimilako horrek hiru igoera soilik izan ditu, baina guztiek ala guztiek ez zuten espedizioa abenduaren 21ean hasi.