GARA
IRUÑEA

Eskola jazarpena %10 jaitsi da KiVa programa aplikatzen denetik

Nafarroako Ikastolen Elkarteak KiVa eskola jazarpenaren aurkako programak emandako lehen emaitzak aurkeztu zituen atzo, Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariaren eta Irene Lopez-Goñi proiektuaren arduradun pedagogikoaren eskutik.

KiVa Finlandiako Turkuko Unibertsitateak garatutako programa da, eskola jazarpena prebenitzeko eta jazarpen kasuei aurre egiteko. Programak hiru unitate ditu; gaur egun, 1. unitatea eta 2. unitatea Finlandiatik kanpo eskuragarri daude. 1. unitatea 6 eta 9 urte arteko haurrentzat diseinatu da. 2. unitatea 10 eta 12 urte arteko haurrentzat.

Hego Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako 2016-17 eta 2017-18 ikasturteetako ebaluazioa eta balorazioa egin du Ikastolen Elkarteak, eta datuen arabera, eskola jazarpena jaitsi egin da bi urteotan KiVa aplikatu den zentroetan. 2016an ikasleen %19k pairatzen zuten jazarpena; 2018an, berriz, %9ra jaitsi zen.

Finlandian, 2009ko udazkenean abian jarri zuten KiVa programa. 1.000tik gora eskoletako datuen arabera, ordutik %16tik %4ra jaitsi da sistematikoki jazarriak diren edo besteei jazartzen zaizkien ikasleen proportzioa. Horregatik, hainbat sari jaso ditu: Krimena Prebenitzeko Europako Saria, Artikulu Onenaren Gizarte Politikako Saria eta lau sari nazional.

Ikasmateriala, eztabaidak, taldeko lana, eskola jazarpenari buruzko film laburrak eta rol jokoak jartzen dira ikasleen eskura, kontzientzia sortzeko xedez. Hauek egoera errealetan jartzen dituzte eta biktimaren alde egitera bultzatu. Era berean, eskola jazarpena antzemateko baliabideak ere txertatzen dira zentroetan, txalekoak edo arduradunak, kasurako. Atzo jakinarazi zutenez, ikasleen balorazioa oso ona izan da.

Bestalde, 2018-19 ikasturtean, KiVa programaren hirugarren unitate didaktikoa aplikatzen ari dira DBHko ikasleekin.