Ane URKIRI ANSOLA
AZPEITIA

Euskal ekoizleak batzen dituen datu base eta bilatzaile bat aurkeztu dute

Globalizazioaren garaian konpetentziari aurre egiteko asmoz, tokiko eta kalitatezkoari bide eman nahi dio Euskaproduktuak.org webguneak. Merkatari eta hornitzaileen negozio-harremanak indartu nahi ditu eta eroslea informatzeko ere tresna praktikoa da.

«Gure erroetara eramango gaituen proiektua» dela nabarmendu zuten atzo Euskalproduktuak.org webgunearen aurkezpen ofizialean. Orrialdea jada martxan zegoen aurretik ere, baina atzo arte ez zuten jendaurrera eraman.

Jendearengana hurbiltzeko asmo hori Azpeitiko Azoka Plazan bete zuten, Elikagunea espazioaren parean. Lehen sektoreko hornitzaileak eta horien elikagaiak batzen diren toki horretan eman zuten EAEko ekoizle txikien bilgune den webgunearen nondik norakoen berri. Bi urteko lanari esker, 60 sektoretako 3.000 ekoizle aurki ditzakegu bertan, datu-base eta bilatzaile gisa funtzionatzen duen plataforman.

Sektoreka, herrika edo komunikatzeko moduka egin dezakegu bilaketa eta zerrenda batean ekoizle bakoitzaren xehetasunen taula aurkituko dugu. «Euskal merkatariek modu erraz eta autonomo batean hornitzaileen bilaketa internet bidez garatzea da proiektuaren helburua», azaldu zuen Euskaldendak elkarteko lehendakari Bittor Lizarribarrek.

Negozio eredu berriak

Tresna estrategiko bihurtu nahi dute EAEko dendari txikientzat, «konpetentziarekiko bereiztea ahalbidetuz». «Merkatarien profesionalizazioa bilatzen dugu, gauzak egiteko modu berri batean sar daitezela, merkataritza- jarduera bezeroen behar berrietara orientatuz», adierazi zuen Lizarribarrek.

Euskaldendak elkarteak 4.000tik gora bazkide ditu eta bera izan da proiektu honen bultzatzaile nagusia. Bilatzaile honen bidez merkatuaren analisia egin ahal izango dutelakoan dago, eta era berean, bere ustetan, profesionaltasuna eta estruktura bat emango dio sektoreari. «Digitalizazioaren garaian gaude, erabilera eta ohiturak aldatzen doaz eta negozio eta komunikazio eredu berrietara egokitu behar gara», adierazi zuen Lakuako Merkataritza sailburu Juan Andradesek. «Eredu berri horiek ez dira mehatxuak, hazteko aukera bezala ikusi behar ditugu», ohartarazi zuen.

Tokikoaren uztarri

Lehen sektorea oso presente eduki dutela azpimarratu zuten, eta aurkezpena Elikagunean eginda hori islatu nahi izan zuten. «Bezeroak gero eta gehiago erakusten du bertan ekoitzitako produktuekiko interesa», ziurtatu zuten.

Tokikoa hauspotzeko asmoz, Elikaguneko sukaldean bertan zuzenean kozinatu zituzten jaki batzuk, eskualdeko elikagaiekin: Azpeitiko ardi gazta, arrautzak, tomateak eta aza; Zestoako Basatxerri ekoizlearen hirugiharra, basurde-burua eta urdaiazpikoa; Getariako sardinak eta Errezilgo ogi ekologikoa. Eta jakien lagungarri, Getariako Txakolina, Euskal Sagardoa, Egiarte kriantza eta Alzola ura.