Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kanpoak bestelako barrua ekarriko

Aitor dut. Urtero, urtarrila hondarretan dagoen honetan, bi albiste iturritatik edatea dut gustuko, bestelako iturrietatik elikatzeari utzi gabe, jakina! Bata, Suitzako Davos mendi estazioko goi bilera zer hori; Monte-Carloko rallya bestea. Hura, arerioen otseinak geroari begira zertan ari diren ezagutzeko; bestea, ikuste hutsez. Amen!

Bada bai, estazio hartan ospatu dute bilera Lurra izeneko planeta bakar hau mundu bakarrekoa bailitzan hartzen duten mandatarien ordezkoek. Hauek, barruko ospakizun-aretoan, eurena bidean; kanpoko areto zabaletan, ostera, manifestariek ospa egiteko eskean. Kanpoan hotza, bero transgenikoa barruan. Hotzak ez du barruko bero hori behar, bestelakoa baino. Historiako betiko gurutze-bidea, 2019tik ikusia.

Globalizazioa hizpide, barruko aire egokituan. Globalizazioa 4.0 edo, hitzari darion hatsa arnasgarri edo egin gurarik. Baina engainurako tarte gutxi hor: globalizazioan globalizatzaileak eta globalizatuak dira, konkistetan konkistatzaileak eta konkistatuak diren legez, planetako munduetan eta munduetako herrietan ere. Ebidentziak nagusi horretan, premisen oso gainetik. Klima Aldaketa ageri da nagusi Davoseko arrisku-zerrendan, horri aurre egiteko ezgaitasuna, zehatzago esanda. Hortaz, Klima Aldaketa 4.0 ezin bideratuta dabiltza, horren abiapuntua den Sozio-Politika 4.0 abiatzeko batere asmorik gabe. Mon Dieu!

Tira, Murgoitio, harira! Planetan gaur krisi zabal asko eta krisiok zabaleko konponbidean jartzeko ekimen eraginkor gutxi. Kontuak atera! Ahal Dugu esaten da gaur ezina adierazteko! Hori don/k eta! Lokaletik ekin gabe ezin da globalean eragin, han eta hemen gauza asko eginda ere. Ekin gabe egina ezina, eta eragina amets. Hortaz, Orain Errepublikak! Agora! Ara! Hara oraingoa! Barru goxoa ekarri dezakeen ganorazko kanpoa. Errepublikak 4.0! Ados! Ez Davos.