Andres OSA «SAKONA»
sokatira

Murueta eta Gaztedi, onenak Laukizen

Atzo jokatu zen, Laukizko pilotalekuan, bigarren jardunaldia: 640 kiloan gizonezkoak eta 540 kiloan ema- kumezkoak. Gizonezkoak bost talde besterik ez ziren lehiatu. Azken unean, Txantreak ere kale egin zuen, taldea osatzeko jende faltan. Horrela ba, gizonezkoen mailan Murueta izan zen onena 5 puntu lortuz. Bigarren, Lesakako Beti-Gazte, 4 punturekin. Zuraidek 3 puntu lortu zituen, Ibarrak 2 puntu eta azkena, Asturiasko 6 Conceyos, puntu bakarrarekin.

Emakumezkoetan, irabazlea Laukizko Gaztedi taldea izan zen (4 puntu). Badaiotzek 3 puntu lortu zituen; Txantreak, 1,5; eta Ibarrak ere 1,5 puntu eskuratu zuen.

Datorren larunbatean, otsailaren 2an, 17.00etan jokatuko dira finalak Ibarran. Egun horretan biltzen diren puntuek soilik erabakiko dute txapela.

De la Concepcion, giza proban

Herenegun jokatu zen Elgoibarko Sigma probalekuan Euskal Herriko giza proba txapelketa, eta bost indartsuk parte hartu zuten. Irabazlea Gorka de la Concepcion izan zen; 750 kiloko harriarekin ordu erdian 2 plaza, zinta 1 eta 0,54 zentimetro egin zituen. Bigarren, Gotzon Abasolo, denbora berean 2 plaza, zinta 1 eta, erne!, 0,37 zentimetro. Ordu erdiko lanean 17 cm gutxiago. Inoiz ez dugu ezagutu horrelako emaitza esturik gizon probatan. Hirugarren, Juan Karlos Lopez (2 plaza eta 5,40 metro). Laugarren, Beñat Amade (plaza 1, zinta 1 eta 3,52 metro). Bosgarren, Aitor de la Concepcion (plaza 1, zinta 1 eta 2,87 metro).

Bestalde, gaur idi proben 4. ekitaldia izango da Berrizen.