Asier AIESTARAN
PILOTA

Elkarren bideak gurutzatu eta egoera aldatu egin da

Kontrako ibilbideak izan eta bakarra sailkatuko den arren, Artola eta Altuna pozik dira egindako lanarekin.

Txapelketan gertatu den bezalaxe, eta elkarren arteko igandeko partidan gertatu zen moduan, Artola-Mariezkurrena II eta Altuna III-Martija bikoteen bideak gurutzatu eta lekuz aldatu dira Binakako Txapelketaren ligaxka amaitzeko azken jardunaldia falta denean. Batzuk goitik etorrita ataka estuan daude, besteak behetik gora egin ostean dena alde dutela kokatu dira.

«Bigarren itzulia hasi zenean zazpi puntu ateratzeko egiten genituen guk kontuak. ‘Zazpi atera eta sailkatuko gara’, esaten nion Juleni. Eta ikusi orain, zortzi aterata ere kanpoan geratu gaitezke. Baina horren gainetik erreakzioa baloratu behar da. Ez genuen etsi eta fruituak jasotzen ari gara, nahiz eta oraindik edozer gerta daitekeen», onartzen zuen Jokin Altunak igandeko partida amaitu berritan.

«Gauzak asko zaildu zaizkigu. Gaur pena izan da, galtzearenaz gain, tanteo kontua, berdinketa kasuan atzetik gaudelako. Baina oraindik aukerak baditugu, bizirik gaude, eta ea moralki ez digun gehiegi afektatzen gaurkoak. Ni gaur egin dudan partidarekin ez naiz oso gustura geratu, baina orokorrean egiten ari garen txapelketarekin bai, eta ea bukaera on bat ematen diogun», aztertu zuen bere aldetik Iñaki Artolak.

Zintzo hitz egin zuen Alegiakoak, egoera ezkutatu gabe, baina txapelketa osoa perspektiban ipiniz. «Kolpea hartu egiten da. Horren gertu ikusten dituzu finalerdiak eta orain kanpoan geratzen bagara kolpea hartuko dugu. Baina era berean kontziente gara gure hasierako helburua ez zela hori. Lehiatzea zen helburua, ez genuen pentsatzen horren ondo ibiltzea. Hotzean pentsatzen saiatu behar dugu, uste baino hobeto ibili garela, eta azkenean sailkatu ala ez, pozik egon behar dugula egindako lanarekin».

«Larunbat urduria»

Kontua da Artolak eta Mariezkurrenak nahitaez irabazi beharra daukatela larunbatean Labriten Ezkurdia eta Ladis Galartzaren aurka, eta hori irabazita ere baliteke kanpoan geratzea larunbatean bertan Ataunen Victor eta Albisuk irabazten badute Irribarria-Zabaletaren aurka.

Beste aldetik begiratuta, beren partida irabazi eta Irribarria-Zabaleta ere garaile irteten badira Ataunen, zuzenean sailkatuta leudeke, igandera itxaron beharrik gabe. Altunak berak deskribatu zuen ondo asko egoera: «Artola-Mariezkurrenari komeni zaie Irribarria-Zabaletak irabaztea, eta guri berriz Victor-Albisuk. Ikusi egin beharko da. Larunbat urduri bat pasako dugu. Hortxe egongo gara, mugikorrari begira, telebistari begira, ea zer pasatzen den. Gerta daiteke jokatu gabe sailkatuta egotea edo kanpoan geratzea. Baina pasatzen dena pasatzen dela harro Julenekin bigarren buelta on bat egin dugulako».

Materialari kritika, estilo handiz egina izan arren

Ez da kexa handirik egon aurtengo Binakako Txapelketan materialari dagokionez, baina tarteka ahotsen bat altxatu da. Pentsatzekoa da lehiaketa une erabakigarrietara hurbildu ahala tentsioa ere handitzen joan daitekeela, eta igandean ere, edukazio handiz izan arren, bai Altunak eta bai Artolak argi utzi zuten pilotek jokoan izan zuten eragina. ETBri eginiko adierazpenetan, Amezketakoak halaxe bota zuen: «Materialak ere zerikusi handia izan du. Grazia egiten dit: Irribarriak edo Rezustak, gure enpresako jotzaileek, pilota bizi samarra ateratzen dutenean beste enpresakoak kexatu egiten dira, eta gaur beraiek atera dutenak salida ikaragarria zeukan. Mariezkurrenak daukan palankarekin oso urrun jartzen du. Denengatik esaten dut, pilota apur bat neurtu egin behar da». Eta Artolak ere bere iritzia garbi azaldu zuen: «Beraien pilota lehendik motela baldin bazen, gero eta motelagoa bihurtu da gastatzen joan den heinean. Eta pentsatzekoa zen Jokinek hor aurrean aberia egingo zigula pilota harrapatzen bazuen». Bakoitzaren ikuspegia, egoki azaldua.A.A.