Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Ur biren artean» dagoen gizartea islatzen duten itsas giroko ipuinak

Patxi Iturregik bere laugarren ipuin liburua idatzi du. Elkar argitaletxearekin eman du, eta bere jatorrietara itzuli da itsasoari eta marinelei buruzko istorioak kontatuz. Kasu honetan, Bilbo hirian kokatu ditu istorioak, Lehen Mundu Gerra garaian. Horretarako asko dokumentatu behar izan da idazlea, gizartearen eta hiriaren erretratu fidel bat eskaini nahi zuelako. Bi istorio benetako gertaeretan oinarrituta badaude ere, gehienak fikzio hutsezkoak dira.

Begiak itxi eta kresal usaina duela dirudi “Ur biren artean” Patxi Iturregiren ipuin liburu berriak. Itsaso inguruko 12 istorio biltzen ditu honek, Lehen Mundu Gerran kokatuak, Bilboko itsasadarrean.

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak argitaletxearen denboraldiko lehen liburua aurkeztu zuen ostegunean. Aipatu zuen Iturregiren lehen liburuak, “Haize kontra”-k (1996), arrakasta handia izan zuela. Itsasoari buruzko ipuinak biltzen zituen horrek ere. Gerora beste bi ipuin liburu eman ditu, azkena 2006an.

«Ipuingintza da nire genero gustukoena. Oso eroso sentitzen naiz formatu laburrean», aipatu zuen idazleak. Gaztetan Latinoamerikako idazleen loraldia ezagutu zuela eta horiek ipuingileak zirela gaineratu zuen. «Ez naiz aditua, oraindik ez dut ipuinak sortzeko makina asmatu, baina 100 inguru idatzi ditut», bota zuen.

Esku artean dugun liburuko istorioek askotariko gaiak dituzte, agertoki berdina duten arren. Horietako bi benetako gertaeretan oinarrituta daude, eta gainerakoak fikzio hutsa dira.

Horietako bat da liburu osorako ideia sortu ziona, “Erri bero”. Izenburua goleta ospetsu baten izena zen. Famatua egin zen Alemaniara wolframa eramaten saiatu zelako. Lehen Mundu Gerran Estatu espainola neutroa zen, eta horrek esan nahi zuen bando batekin merkataritzan hasten zenean, beste bandoetakoak eragozten saiatzen zirela. Kasu honetan, Alemaniak metala nahi zuen armak sortzeko eta Bilbon pleitatu zuten ontzi horrekin wolframa Kanaria uharteetara eramatea zen intentzioa, bertatik itsaspeko baten bidez Alemaniara garraiatzeko. «Gure industriarako garai oparoa izan zen. Ez Bilborako bakarrik, baita Gipuzkoarentzat ere. Adibidez, Eibarrek armak saltzen zituen. Zaldiak, astoak, oihalak eta janaria ere saltzen zen, eta prezio altuan gainera», esan zuen.

Ipuin horren ostean, Iturregiri istorio gehiago sortzen hasi zitzaizkion eta liburua osatzea erabaki zuen. Aurrerago trilogia osatuko lukeen itsas giroan oinarritutako hirugarren liburu bat idaztea ez du baztertzen.

Bilbo kosmopolita

Idazleak azaldu nahi izan zuen ipuin independenteak direla, banaka irakurri daitezkeenak. Orokorrean errealistak dira, apaingarri askorik gabekoak, nahiz eta batzuetan paisaia onirikoez janzten dituen.

«Duela mende bateko Bilbo hiriaren erretratua egiten saiatu naiz, baina beti fikziotik. Nire helburua literarioa izan da beti. Dokumentazio lan handia egin behar izan dut, ez nuen hanka-sartzerik egin nahi», kontatu zuen Iturregik kontakizunei eman nahi izan dien giroa azalduz. Adibidez, bere ikerketan jakin izan du garai hartan Arriaga antzokian sute bat izan zela eta lau urtez itxita egon zela. Beraz, akats historiko bat litzateke esatea pertsonaiak Arriagara joaten zirela opera ikustera.

«Bilbo oso hiri kosmopolita zen, libertinajerako aukera ematen zuena. Bost antzoki zituen, gau bizitza handia zuen, kirola oso zabaldua zegoen. Balantzaren beste aldean: gizarte bortitza zen, armen kontrolik ez zegoen, ez zen klase ertainik, arautu gabeko lan baldintzak zeuden, higiene eskasa zegoen...», argitu zuen garai hartako gizarteari buruzko zertzeladak emanez.

Idazlearen arabera, irakurlearen konplizitatea eskatzen du irakurketak. «Irakurketa posible asko daude. Helduentzako liburua da, baina gaztetxoentzat ere interesgarria izan daiteke, abenturak daudelako, nahiz eta geruza guztiak ulertuko ez dituzten», aipatu zuen idazleak.