GARA
HERNANI
Akordioa

Erremontea hernaniarrengana hurbiltzeko hitzarmena sinatu dute Udalak, Kronikak eta Oriamendi 2010ek

Erremonte arloko Oriamendi 2010 enpresak hitzarmena sinatu du Hernaniko Udalarekin eta Dobera Euskara Elkartea-Kronikarekin erremontea Hernanira hurbiltze aldera.

Luis Intxauspe alkatea izan zen hitza hartzen lehena eta lankidetzaren nondik norakoak azaldu zituen. «Erremontea maila profesionalean egunerokotasunean jokatzen den frontoi bakarra da Galarretakoa. Azken finean, asteroko jaialdiak eta txapelketa gehienak bertan jokatzen dira. Hortaz, Hernaniko kultur ondare berezia da erremontea eta guri, hernaniarroi, dagokigu kontserbatzea eta zabaltzea».

Udalak konpromisoa hartu du pilota modalitate horren ezagutza eta, ahal bada, afizioa, herrian sustatzeko, eta, bereziki, haur eta gazteen artean. «Horretarako, udal kirol udalekuetan, beste kirolekin batera, erremontea ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute haur eta nerabeek. Gainera, Gaztelekuan ere erremontean aritzeko aukera eskainiko zaie gazteei».

Horretaz gain, «Oriamendi enpresarekin sinatu dugun hitzarmenari esker, hernaniarrek Galarretako partidak ikusi ahalko dituzte sarreraren erdia ordainduta» Horretarako, nahikoa izango da nortasun agirian Hernaniko helbidea izatea.