Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Etxeberriak erraz irabazi zuen desafioa Donezteben

Zigakoak 49:02ko denbora behar izan zuen Eloy Corcheroren aurka (54:57).

2019ko lehen desafioak apustu giro gozoa sortu zuen Doneztebeko pilotalekuan. Ziga herriko Josean Etxeberria eta Araiako Eloy Corchero plazara irten ziren unean, batak zein besteak txalo zaparrada galanta jaso zuten. Frontoia ia beterik. Enborrak plaza erdian txukun ipinita bi lerrotan. Alde batean bi kana-erdiko, segidan oinbiko bi eta azkenik beste bi kana-erdiko. Beste lerroan gauza bera. Horrela, egin beharreko lana ongi banatuta, lau oinbiko eta zortzi kana-erdiko bakoitzarentzat.

Hasierako bi kana-erdikoetan ia batera aritu ziren baina oinbikoetan sartu zirenean jokoa Etxeberriaren aldera iraultzen hasi zen. Horrela lan erdia burutu zutenean, minutu eta erdiko tartea irekia zuen Zigako aizkolariak. Etxeberriak, 22:30, eta Corcherok, 24:02 lau kana-erdiko eta bi oinbiko partitzen. Arabarrak kruadrilatxo animotsua eraman zuen. Enbor gaineko itzulera bakoitzean txaloak eta orroak jaso zituen. Izan ere, Eloy apustu munduan berria izanik ikusmin handia sortu zen bere jendearen artean.

Amaieran, Josean Etxeberriak aipatu lana burutzen 49:02 behar izan zuen eta Eloy Corcheroak 54:57 agortu zituen. Eloyk aitortu zigun oinbiko enborrean, denbora gehitxo pasatu zuela eta hortik aurrera deseroso aritu zela. Etxeberriak, alderantziz, enborrez enbor tarte handitzen joan zen arnasa lasaitasunez hartuz.

Urteko lehenbiziko desafioak eman duena horixe da. Alde bakoitzak hiru mila euro zuen jokoan. Dopinaren aurkako azterketa jakin ondoren eta ezer kontrakorik ez badago, Kantabriko tabernako Tomas Armendarizengana joan eta jasotzea besterik ez du Josean Etxeberria Zigako aizkolariak.