Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Imajinazio-ariketa (txikia)

Irakurri berri dut liburu bat, “Bihotzean daramagun mundua” (Maite Darceles), Orwellen “1984” edota Huxleyren “Bai mundu berria” ekarri dizkidana gogora. Haiekin gertatu bezala, ilea laztu samar daramat egunotan, noan tokira noala imajinatu eta imajinatuz. Egia esan, irudimen-ariketa handirik ere ez da egin behar etorkizuna teknologiak erabat hartuta ikusteko, askotariko gailuak bizi ahal izateko arnasa hartzea baino oinarrizkoagoak eta gure gidari zein zaintzaile bihurtuta, munduaren jaun eta jabe izango direnen kontrolpean egon gaitezen zaintzaile.

Bada, liburuak halako etorkizuna, gertagarritik asko duena, ez du kokatzen hemendik hamarkada pila batera, baizik eta gure ondorengo belaunaldiaren horretan, hemendik gutxira. Orduan gazte izango direnen arteko gutxi batzuek geure jendarte honi begiratuko diote, jakin-minez eta txunditurik, autogestioa edota erresistentzia zer diren ez dakitela, ezin ulerturik norbere ekimena edota kolektiboa zertan diren, zertarako egikaritu, naturarekiko errespetua, maitasuna, mundua eta pertsonak zaintzeko erantzukizuna… Begiratuko digute horiek guztiak zer ziren, nola gauzatzen genituen, zergatik, argitu nahirik. Bakan batzuek, ordea, ez gehiengoak.

Irudika dezakezue horrelako gazteria? Iraultzailea izateko inongo grinarik gabea, iraultza bera zer den ez dakiena? Erabat kateatua birtualera, jabetuta egon gabe ere otzandua, norbanakoen isolamenduan kaiolatua, historiaz desjabetuta ezin baita inor gauzak zalantzan jartzen hasi, kritiko izan, ezin baitu inork hausnartu, ondo eta gaizki egindakoetatik ikasi. Irudikatu ahal duzue hori guztia geure oraingo uste sendoen eta borroken porrotaren ondorio izatea?

Teknologiak ziztu bizian aurrera egin ahala, pertsonon askatasunean eta denon arteko berdintasunean are ziztu biziagoan joatea atzera; adibidez, 1985era, Pablo Casadok nahi duen bezala, arazo demografikoak zeharo kezkatuta emakumeok inkubagailu izatera behartzeko, edo are atzeragoko «Espainia bat, handi eta askera», Vox-ekoen eta, antza, uste baino jende gehiagoren amets egungo jendartearen mundu-ikuskeratik hain disoziatu horretara?

Ez da gehiegi imajinatu behar, esan bezala, nahikoa da politikari eskainitako prentsa eta telesaioak irakur-ikustea ohartzeko jende zintzoak bihotzean daramagun mundua benetan dagoela jokoan, eta ezin dugula ibili nor bere aldetik nork bere interesei soilik begira.