Erlojupekoa Itzulia abiatzeko, tarteak hasieratik irekitzeko
Zumarragan hasiko da Itzulia apirilaren 8an, eta Eibarren amaitu, 13an. Estreinako etapako erlojupekoak eta azken bi etapek erabakiko dute lasterketa.
Sei etapa, 784,3 kilometro eta 22 mendate puntuagarri izango ditu Euskal Herriko Itzuliaren 59. edizioak, apirilaren 8an Zumarragan hasi eta 13an Eibarren amaituko denak. Atzo aurkeztu zuten, ofizialki, aurtengo edizioaren ibilbidea. Ororen gainetik, hiru etapa nabarmentzen dira: lehenengo eguneko erlojupekoa, helmuga Arraten izango duen azken-aurrekoa eta azkena, Eibarren hasi eta bertan amaituko dena.
1977tik lehen aldiz, erlojupeko batekin abiatuko da Itzulia. Aurreko urtean egindako aldaketaren bidetik doa erabakia; izan ere, azken edizioetan ohikoa zen azken etapako erlojupeko luzea aurreratzea erabaki zuten orduan, eta aldaketan sakondu nahi izan dute antolatzaileek aurten. Zumarragan jokatuko da hau, 11,3 kilometroko distantzian. Antioko igoerak emango dio gogortasuna –2,5 kilometro luze, batez besteko %9,7ko pendizarekin, %21era iritsiz azken 100 metroetan–, eta oilarren artean lehenengo tarteak zabaltzeko balioko du.
Trantsizioko hiru etapa
Zumarragako erlojupekoaren ondorengo hiru etapak trantsiziokoak izango dira, honek ez badu sekulako sarraskia eragiten bederen. Zumarraga eta Gorraitz artean jokatuko da bigarrena –149,5 km–, eta bi zati bereizi izango ditu: lehenengoan, bi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek; bigarrengoa, berriz, gorabeheratsua izango da, sterrato zatiekin. Ia bost kilometro egin beharko ditu tropelak bere horretan aparteko gogortasunik ez duen sterratoan; lasterketak berak, edo eguraldiak, gogortuko du ibilbidea. Amaiera interesgarria izango du etapak, maldan gora izango baitira azken 800 metroak.
Sarriguren eta Estibaliz artekoa izango da aurtengo edizioko egunik luzeena, kasik 185 kilometrorekin. 2. mailako Goñiko gaina (8,9 km eta %4,7) igo beharko dute txirrindulariek 15. kilometroan, eta 3. mailako Opakuako mendatea (4,6 km eta %4,7) helmugarako 55 bat kilometroren faltan. Lautadan egingo ditu tropelak helmugara arteko kilometroak, eta eragin lezake haizeak sarraskirik. Bezperan bezala, maldan gora izango da amaiera; gozoagoa izango da, baina, eta izan dezakete esprinterrek aukerarik.
Laugarren etapan (Gasteiz-Arrigorriaga, 164,1 km) igoko dute aurtengo lehen mendate garrantzitsua: Bikotzgane (4,9 km eta %8,6). Helmugatik urrun izango da, ordea –40 bat kilometrora–, urrunegi oilarren arteko lehia ikusteko. Etapa honen interes puntua helmugatik hiru kilometrora kokatzen da, eta 3. mailako mendate bat da: Zaratamo (4 km eta %3,2). Mendatearen gogortasunak ez, helmugatik gertu egoteak egiten du arriskutsu gaina.
Zirt edo zart, Eibarren
Eibarren erabakiko da Itzulia, eta bi etapa izango dituzte txirrindulariek horretarako. Ohiko Arrateko etapa aurtengo edizioko azken-aurrekoa izango da (Arrigorriaga-Arrate, 149,8 km). Zazpi mendate eta 4.800 metroko desnibel positiboa gainditu beharko ditu pelotoiak. Lehenengo 15 kilometro eramangarriren ostean, Bizkaiko kostaldean barrena egingo dute Mutrikurainoko bidea, handik Eibarrera zuzentzeko. 3. mailako lau mendate puntuagarriren ostean ageri da eguneko lehenengo zailtasun nagusia: Izua (3 km eta %12,7). Matsariatik igoko dute, eta zuzenean Arratera abiatu beharrean 3. mailako Trabakuako gaina (6 km eta %4,4) egin beharko dute. Arrate (5 km eta %8,8), berriz, ohiko aurpegitik igoko dute.
Azken etapak Eibarri gorazarre egingo dio; izan ere, aurten izango da Itzulia bertan amaituko den azken aldia –obligazioz bederen–. Laburra (118,2 kilometro) eta urduria izango da, eta hiru zailtasun nagusi izango ditu: Azurki (6,4 km eta %6,8), Karakate (5,2 km eta %8,5) eta Asentzio (7,3 km eta %5,1). Karakate da aurtengo nobedadeetako bat, igoera «polita» antolatzaileen arabera, porlan zatiak izango dituena. Min egingo duen igoera da, ondoren Asension errematatzea ahalbidetuko duena. Helmugatik 15 kilometrora kokatzen da eguneko azken igoera puntuagarria, gainetik Untzaga plazara bitarte Amañako malda agertzen bada ere. Garrantzi berezia izango dute helmugan (hamar, bost eta lau), erlojupekoan izan ezik, eta tarteko esprintetan (hiru, bi eta bat) banatuko diren gainsariek.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
