Andoni ARABAOLAZA
ZORTZIMILAKOAK

Nanga Parbat: iaz bezala, tragedia izan da

Zortzimilakoa neguan igotzen saiatzen ari ziren Daniele Nardi eta Tom Ballard zendu direla baieztatu da.

Izenburuetan tragedia hitza jartzea ez dugu gustuko, baina Daniele Nardi italiarrari (43 urte) eta Tom Ballard britainiarrari (30 urte) Nanga Parbateko (8.125 m) Mummery izeneko espoloian gertatu zaiena hala definitu behar dugu. Eta batez ere, bigarren urtez jarraian, egoera bera sortu delako. Iazko neguko denboraldian Tomasz Mackiewicz poloniarra hil zen, eta Elisabeth Revol frantziarra, erreskate baten ondoren, larri-larri bizirik atera zuten. Aurtengoan, berriz, bi hildako izan dira.

Gogora dezagun bi alpinistok Mummery espoloiaren lehenbiziko igoera egiten saiatzen ari zirela. Abenduaren 29an, kanpaleku nagusia altxatu zuten. Eta nahiko azkar hirugarren kanpalekura heldu ziren: 5.700 metrora. Gogoratu behar dugu Nardi eta Ballardekin batera, hasieran, bi pakistandarrek jardun zutela: Karim Hayatek eta Rahmat Ullah Baigek. Baina egunek aurrera egin ahala, erretiratu egin ziren.

Gogotsu zeuden zeramaten erritmoarekin, baina Nanga Parbat neguan eskalatzeko baimena otsailaren 20an amaitzen zitzaien. Hura luzatzea lotu zuten, ordea, eta bi egun beranduago, elurrolde arrisku handia bazegoen ere, kanpaleku nagusitik irten ziren. Hilaren 24an, berriz, hartu-emanak eten ziren, eta bi egun beranduago erreskatea martxan jarri zen. Ordutik hona, erreskate taldeen nondik norakoen berri egunero eman dizuegu. Besteak beste, azpimarratu behar dugu Alex Txikonek eta bere taldekide batzuek lan horretan jardun dutela, K2 neguan igotzeko saioak bertan behera utziz. Erreskate horren inguruan, lemoarrak onartu du bi elurroldek ezusteko larriak eragin dizkietela. Eta hain zuzen ere, Txikonek eta enparauek 5.900 metroko kotan ikusi zituzten siluetak Nardi eta Ballardenak zirela baieztatu da.

Horren ondorioz, erreskate guztiak bertan behera utzi eta italiarraren senitartekoek eta lagunek honako oharra bidali ziguten atzo hedabideoi: «Daniele eta Tomen bilaketa lanak amaitu dira. Min handia dugu, eta onartzen dugu betirako joan direla. Horrela baieztatzen dute gertaera objektiboek. Bide batez, erreskateetan jardun duten lagunen lana eskertu nahi dugu: Alex, Ali, Rahmat... ».

Bost saio

Era horretan, Nardi eta Ballard Mummery espoloian egiten ari ziren eskalada amaitu da. Obsesio baten tragedia izan dela gehitu nahiko genuke; izan ere, italiarrak espoloiaren lehena lortzeko bost saio egin ditu. Eta obsesio hitza ez da geurea, Nardirena berarena baizik. Hedabideoi horrela adierazi zigun: «Nanga Parbatekin ez nago obsesionatuta; Mummery espoloiarekin, aldiz, bai».

Pare bat ekinaldi bakarka egin zituen; gehienez, 6.200 metrora heldu zen. Eta kota garaiena, berriz, Revolekin erdietsi zuen: 6.450 metro. Beste era batera esanda, Mummery espoloia amaitzeko 200 metro falta izan zitzaizkien.

Espoloi horren inguruan adierazi behar da soilik Nardiren kontu bat izan dela. Inor ez da ausartu saioren bat egitera. Batetik, teknikoki zaila delako, eta, bestetik, oso-oso arriskutsua delako. Eta azken eite horren inguruan ez dago zalantzarik; izan ere, bidalitako bideoetan espoloi horretan makina bat elurrolde ikusteko aukera izan dugu. Hori hala da, eta Nanga Parbateko neguko lehen igoeran egon zen Simone Moro italiarrak ere hala baieztatu du: «Nanga Parbatera lau espedizio egin ditut, eta guztietan ala guztietan Mummery espoloian elurroldeak zeuden beti. Bide horretan sartzea suizidio bat da».

Hitz hauek polemika sortu dute, baina Nanga Parbat ondo baino hobeto ezagutzen dutenek iritzi bera dute. Besteak beste, Reinhold Messnerrek.

Zortzimilakoaren Diamir aurpegian dagoen espoloi horrekin zuen obsesioa, beraz, betirako eten da. Italiarra ondo ezagutzen zutenek adierazi digute anbizio handiko alpinista zela. Eta, bide batez, nortasun handikoa ere bai. Gogoratu behar dugu, adibidez, 2016. urteko neguko saioan Txikonekin modu batera edo bestera jardun zuela. Baina haien artean desadostasun ikagarriak izan ziren, eta, azkenean, Nardik espedizioa utzi zuen.

Ezin zaiona ukatu da zortzimilakoetan azpimarratzeko eskarmentua zuela; aurreratu dugun bezala, neguan ere bai. Patrikan zazpi zituen, eta beste batzuk txikiagoak baina zailtasun teknikoak zituztenak. Bestalde, Mummery espoloian eginiko saioetan, bakarka eskalatzeaz gain, ez du inoiz sokakide bera izan. Azkena, Ballard izan da. Gazte honek ez zuen zortzimilakoetan inolako eskarmenturik; lehen espedizioa zuen.

Alabaina, teknikoki alpinista zein eskalatzaile bikaina zen. Egin dituen jardueren artean, azpimarratzeko modukoa da 2014-2015eko neguan Alpeetako sei ipar horma esanguratsuenak eskalatu zituela. Eta, gainera, bakarka: Cima Grande (Comici), Piz Badile (Cassin), Matterhorn (Schmidt), Grandes Jorasses (Colton-MacIntyre), Petit Dru (Allain) eta Eiger (1938ko bidea).

Horretaz gain, alpinista britainiarrak, 2016an, munduko lehen D15 (dry) sinatu zuen Dolomitetan: “A line above the sky at tomorrow”.