Jon SARASUA
GAURKOA

Zortzikoa Mayabetik

Maien lurraldeko lanetatik, distantziarekin, duela gutxiko nire hitzaldi ez-entzun batek sortutako zalapartari buruz mini oihartzun bat eman nahi nuke. Pentsatu nuen zer esanik ez nuela, eta nahi zuenak benetako hitzaldiaren grabazioa entzungo zuela podcast forman, hori baitzen antolatzaileen asmoa. Baina esan didate arazo teknikoengatik azkenean ez zela grabatu, esandakoa galdu dela. Horrek bultzatzen nau hitz batzuk esatera, hitzaldia beste nonbait emateak denboran luze jo dezakeelako. Hemen atera zait ohartxo bat, doinu librean eta zortzi puntuko motzean.

1. Ez dut sare telematikorik (nork agindu zuen «sare sozial» terminoa gordetzea sare telematikoentzat?) eta ez dut irakurri nire hitzaldiari buruz egindako txiorik. Ziurrenik gehienok dakizkizue nik baino hobeto txioen espazio horiei egozten zaizkien ezaugarriak, behar psikologikoak eta gainerakoak. Higiene xumea da niretzat horretan ez ibiltzea, baina ingurukoek kontatu didate zerbait, xehetasunik gabe, soilik hiru titular: zalaparta, histeria, eskuin muturra.

2. Eskertzekoa izan behar luke, nire aldetik, dirudienez hater ditudan hauek nire ustezko pentsamenduaren abanikoa horrenbeste zabaltzea. Ezker mutur deitzen dutenarekiko sinpatiak bizi nau gauza inportante batzuetan; beste batzuen artean nire azkenaldiko begiratuak analisi marxiarrean du giltzarri nagusi xamar bat, eta orain eskuin muturrera ere iristen banaiz, bikain; horrek esan nahi du tarteko guztiak ere abarkatzen ditudala. Abaniko zabalen zalea naiz, baina hainbeste ez nuen pentsatzen.

3. Pena da nire abaniko-zabaltze eskergarri hau eskaini didatenek ez dutela horretan sinesgarritasunik, kontatu didatenez haien erasoak eginak baitira histeriatik, niri bitxia egiten zaidan histeriatik, jatorrizko hitzak entzun gabe eta, jakina, nik azkenaldian pentsatu dudanaren, esan dudanaren eta idatzi dudanaren ignorantziatik. Etika minimo bat eskatu beharko nuke hemen; esan dudana eta idatzi dudana ganora apur batez ezagutzeak gutxienekoa behar luke, ezta?

4. Berez hitzaldia bertso munduko lagunentzat egina zen, haiengan pentsatuta. Prestatzen ari nintzenean pentsatzen nuen bertso-munduan geratuko zela, eta bertan egon gabe interesa zutenek Xenpelar dokumentazio zentroan edo nonbaiten eskuratu ahalko zutela esandakoa. Hainbeste urte, eta oraindik hasiberria ematen dut. Sentitzen dut haiek horrela jasotzea, zalapartak anplifikatuta, horrek itsusituta, ñabardura gabe, nik esandakoak eta haien doinua entzun gabe. Horretan badut hartxoa.

5. Duela 30 bat urtetik intrigatu nau ikusteak zera, espektro hegemonikoko jende batek zein gutxi jasaten duen bere edozein konbikzio minimoki zalantzan jartzea. Ideiei buruzko eztabaida egin ordez, jotzen dute ideia horiekiko etiketa blokeatzaileak sortzera, eraso pertsonalera, eta espresuki eztabaida inposibilitatzera. Konplexutasuna ikusteko gaitasuna falta dela esango nuke. Edozein gaitan da panorama bihurria. Etorkinak, demagun. Nik tarteka munduko hegoaldeko sektore baztertuekin lanean daramat bizitza erdia, etxean migratzaile bat ilegalki erroldatuta eduki dut, eta abar. Eta horrek ez du kentzen ohartu beharra gaur egungo migrazio diskurtso politak kapitalaren interesekiko koherenteak direla, kapitalaren elitea horiekin pozik dagoela, eta guk, humanizaziotik, mundu-justizia sozialetik, euskal herrigintza baten posibilitateak pentsatzetik, gai horretan gauza asko dugula galdetzeko eta pentsatzeko. Berdin feminismoekin, eta beste gai asko eta askorekin. Eta bai, oldoztu behar duguna batzuetan deserosoa izan liteke hegemonia mediatikoaren goxoak babestutako progresiarentzat. Une honetan dugun debate maila da antzua, kontrolatua, kulturgintzan aski monopolizatua, transmisio gune ofizialetan hegemonizatua. Eta testuinguru horretan galderak egitea bera jasanezina izango dela dirudi modako ortodoxien zaintzaile monopolistentzat.

6. Libre xamar mintzatzen hasterako asumitu behar da kalte pertsonala. Hori ideien historiako lege bat da. Ez dakizula artaldean ote zoazen? Zenbatu txakurraren hozkadak, horrek esaten dizu non zoazen. Oraingoan, nire hitzak entzun, kokatu eta ulertu gabe etorri da histeriatxoa, jarritako adibideak barregarri gaizki ulertuta, ekiboko mordoxka bat tartean dela, baina berdin du, bestela balitz ere, zikintzea beti da errazagoa. Hitzaldian erabilitako tesia bete-betean baiesten du zalapartak. Lastima dena zera da, zabaltzen duen mezu efikaza. Hain zuzen ere, nire hitzaldian gogoan nituen lagunei ematen dien kontramezua, badaezpada, lehen ere oso ondo barneratuta eduki arren. Ez zaitez konplikatu, eta zalantzak badituzu, isildu. Arrastotik milimetro bat ateratzen bazara, badakizu zer daukazun.

7. Esango nuke, egungo sistemak eragindako min-itsasotik pentsatzeak, praktikan aritzeak eta, bereziki, kontzientzia antikapitalista batek eskatzen duela hedabideetatik hegemonizatzen diren programa ideologikoetatik apur bat askatzea, eta berriro galdetzea zer behar dugun aldatu, zer zaindu, zer irauli, zer moldatu, zer berregin, zer sortu, zer ebaki, zer birpentsatu.

8. Egungo kapitalismo azeleratuan, bere botere eta bozgorailuek susmagarriro ideologia deseraikitzaile edo apurtzaileak haizatzen dituzten honetan, ezkerra eta eskuina sistemaren metabolismo horren bi beso estimatu eta aski trukagarriak diren honetan, hiperkapitalismoko eliteen maskara-jokoan dena eta dirudiena nahasten diren honetan, klase ertainetakook, hipokrisia ideologikorik sofistikatuenean, posizio pribilegiatu baten onuradun aktiboak garen honetan, dena zalantzan jartzera deituta gaudela esango nuke, ia helduleku finkorik gabe, izatekotan herrigintza eta justizia soziala ipar dituen etika humanizatzaile batetik. Eztabaidan, bai, dena: beti ekonomiatik hasita, komunitatea, herrigintza, kultura, migrazioa, feminismoa, erlijioa, hezkuntza, fikzio-dosia, geopolitika, teknologia, bioetika… hainbeste gauza. Beharko dugu asko zalantzan jarri, praktikatik ideiak destilatzen joan, dena eztabaidatu. Hori bai, episodio xelebreek zera erakusten dute: norekin eztabaidatu daitekeen.