Andres OSA «SAKONA»
HARMAILETATIK

Portatu haiz!

Ikusgarria izan da eta horrelaxe segi, daukakena ematen indarra dagoen bitartean. Gero ez duk izango aukerarik; egindakoarekin sarritan bizipoza eta lagunartean kontakizuna». Hitz hauekin laburbildu zigun aitona batek Arriak egin zuen lana. «Lan ikaragarria egin eta lasai zegok plaza erdian batekin eta bestearekin bost orduko pasadizoak kontatzen; emandako hitza bete dik». Antzeko iritziak entzun genituen askoren ahotik. Batzuk beldurtu ere beldurtu zirela, ezin izango zuelako lana amaitu.

Gure gizarteak eta, zer esanik ez, gaztediak tankera honetako ekintzak, danbarradak, oso onuragarriak ditu. Ura luzaroan geldirik dagoenean badakigu zer gertatzen zaion, usteldu. Gizarte honek, beste arlo askotan bezalatsu, iratzargailuak behar ditu. Xabierrek egin duena aintzakotzat hartzekoa da eta zuzenean ikusteko aukera izan zuten guztien txaloak prezio handikoak izan ziren berarentzat. Gizon hau egin behar duena serio hartu eta bere burua horretara jartzen duen kirolaria da. Zorionak!