Ibai AZPARREN
IRUÑEA

78ko Erregimena hausteko Nafarroako aldaketan sakontzea babesten du Sortuk

“Kolpez kolpe” txostena aurkeztu zuen Sortuk atzo, Iruñean; Nafarroako egoeraren azterketa «gure herriaren eta espainiar Estatuaren arteko aurkamendu historikoaren» ikuspegi estrategikotik. Hedabideekin antolatutako gosarian, Sortuko idazkari nagusia den Arkaitz Rodriguezek 78ko Erregimena amaiarazi egin behar dela adierazi zuen.

Rodriguezen hitzetan, «garairik okerrena» bizi duen Erregimenak «lehenengo kolpea» ezker abertzalearen estrategia aldaketarekin jaso zuen; bigarrena, Nafarroako instituzioetatik kanporatu zutenean; eta hirugarrena, «Kataluniako prozesu independentista» piztu zenean.

Hala ere, Rodriguezek Erregimena soilik UPN eta PSN direlako ideia baztertu zuen, «sistema ekonomiko, juridiko, politiko, sozial eta kulturala» dela azpimarratuz. Honen harira, patronala, Opus Dei, CCOO-UGT edo Estatuko Segurtasun Indarrak aipatu zituen. Zentzu honetan, «esfera» hauetan eragiteko beharra nabarmendu zuen eta, horretarako, «aldaketan sakondu» behar dela, behin «zuloa ireki» delarik.

Bestalde, Nafarroako Sortuko idazkariak, Haritz Romeok, aldaketa «momentu historikoa» izan zela gogora ekarri zuen eta, horri jarraikiz, «gure kontraesan eta mugekin» balantzea ona dela adierazi zuen. Lortutako aldaketa prozesu subiranistan eraldatzea izango da Sorturen erronka, non «Nafarroako herritarrek gure etorkizuna erabakitzeko aukera izango dugun».