Jon GARMENDIA
Idazlea

Ttirrittarratta

Marinel zaharren aginduak ja- sotzera ohituak zeuden ofizioa ikasten ari ziren gazteak, añak. Batelaren gainean itsasoari begira pasatzen zuten eguna, arrainaren etorreraren zain, eta itxaronaldian sareak atontzen egoten ziren, korapiloak egiten, eta seska prestatzen. Hala kontatu dit Dominiquek, bera 13 urterekin murgildu zela itsasoko lanera, aña gisa, eta orain, bizitzaren krepuskuloan, zeri begiratu ez dakiela bizi omen da. Begietara pozaren argia ekartzen zion ttirrittarratta oroitzen duela tarteka, ahoskatzen zaila den itsas txoria; frantsesek sterne deitzen dutela erran dit, eta, tira, berdintsu gelditu naizela ohartu denean argitu dit arrainak hurbil zeudela abisatzen zuela txori honek, martinak ere gauza bera egiten zuela, goian hura bazebilen azpian arrainak zeudelako omen. Altsasun saiak dabiltzala hegan, ttirrittarratta gutxi han, eta putreak dabiltzan guneetan usteldura baizik ez dagoela, bizitzaren arrastorik ez. Hor jarraitu du gure elkarrizketak, dozenaka borroka ikusiz handitu zela, tartean kontrabandoa eta arrain salmentak kontrolatzen zituzten poliziekin ere bai, eta ubeldura ederrekin esnatzen zirela hurrengo egunean, bai batzuk, baita besteak ere, baina zigorrik ez zuela ikusi nehoiz. Altsasu ez zekiela non zen, baina kartzelan daudenen gurasoak gogoratu ditu hitza isiltzerakoan, haiekin bizi delako, buruan dituela.