Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Euskal sorkuntzaz hausnartzeko plaza ere izango da Lemoako Topagunea

Gazte Sortzaileen Plaza izango da aurtengo berritasunetako bat eta antolatzaileek irmo adierazi dute egitarau politiko eta kulturalaz harago doala Gazte Topagunea, «bere osotasunean bizi beharreko esperientzia». Egunotan hasiko dira muntatze lanetan 150 lagun inguru.

Duela 40 urte antolatu zen ezker abertzaleko lehen gazte antolakundea eta, urteurren horren karietara, urte guztiotan antolakuntza lanetan aritu diren kideak eta ezker abertzaleko zenbait pertsona ezagun batu ziren aurtengo Gazte Topagunea muntatzen dabiltzanekin.

Duela hiru hilabete aurkeztu zuten Lemoak apirilaren 19tik 22ra jasoko duen topaketa eta atzo, egitaraua nabarmentzeaz gain, berritasunetan jarri zuten arreta. Gazte Sortzaileen Plaza izango da berritasunetako bat, «sorkuntza badelako kulturaren oinarri, eta Euskal Herria nekez eraikiko dugulako gazteon kultura bulkadarik gabe».

Serigrafia tailerrak, “Doinua buruan eta ibili munduan” bertsotrama, musika mota ezberdinetako kontzertuak eta horiek ikasteko tailerrak, antzezlanak, eta abar aterako dituzte plazara.

Egitarauan iragarri dituzten ekitaldiez gaindi, ordea, nork bere eremuan euskal kulturari buruz egiten dituen eztabaida eta hausnarketen topagune izatea ere nahi dute antolatzaileek. «Zer da euskal kultura? Osasuntsu dago? Sorkuntzatik mundu gris honen mugetatik harago goazelako, ametsak gorpuzteko balio du eta askatasun bulkada bihur daiteke», adierazi zuten.

Sorpresatxo bat

Mahai-inguruek eta musika kontzertuek hartuko dute tarterik handiena; izan ere, bakoitzetik 50 hitzordu baino gehiago lotu dituzte. «Oraindik ere hitzaldi eta formakuntza proposamenak jasotzen jarraitzen dugu baina tamalez, lau egun besterik ez ditugu», adierazi zuen Aitzinako kide Aitor Servierrek.

Kontzertuei dagokienez, Euskal Herriko eta munduko hainbat txokotako musikariak igoko dira Lemoako oholtzetara. Aurtengo Gazte Topaguneko abestiaren egile Eskean Kristo taldea ere ez da faltako –igandean aurkeztu zuen kanta NAIZen–.

Zerrenda luze horretan oraindik ere sorpresatxo bat gordetzen dutela iragarri zuten. Hurrengo egunetan emango dituzte xehetasun gehiago baina, antolatzaileen esanetan, «gazte guztiontzat berezia izango da talde honek Topagunean jotzea, baita beraientzat ere».

Lau eguneko bonuez gain –herrietako ohiko tokietan eskuragarri– eguneko sarrerak ere jada salgai daude Gasteizen, Iruñean, Donostian, Bilbon, Baionan, Arrasaten eta Igorren; baita Gaztetopagunea.eus web orrialdean ere.

Protokolo «sendoa»

Hainbat zerbitzu eskainiko dituzte bertan eta gune guztietan «zero zabor filosofia» baliatuko dute. Bestalde, ez da inolako eraso sexista, arrazista zein xenofoborik onartuko eta, Ernaiko bozeramaile Lur Arbizuk tinkotasunez adierazi zuenez, «jarrera guzti horiei erantzun irmo bat emateko protokolo sendo bat egongo da».