GARA
GASTEIZ

Udalbiltzak «Hartu-eman» esperientzien bankua jarri du martxan

Udalbiltzak Hartu-eman esperientzien bankua abiatu du. Euskal Herriaren burujabetza eta garapena bultzatzen duten proiektuak ikusarazteko tresna da, tokian toki sortu eta garatu diren ekimen aitzindariak denen eskura jartzeko.

Zazpi lan eremuko erreferentziak jasotzen ditu: energia burujabetza, elikadura burujabetza, etxebizitza eta hirigintza, lurra lantzeko erraztasuna, ekonomia sozial eraldatzailea, euskara, politika feministak eta herritarren parte hartzea.

Sarean osatzen ari dira, Hartueman.eus, eta hogeita hamar adibide zehatz jaso dituzte hasteko. Gasteizko Errekaleor auzoa, Usurbilgo gazteak eta adinekoak elkartzen dituen Txirikorda proiektua, Legution euskararen erabilera sustatzeko garatutako proiektua, eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruko Koop 57 proiektua, esaterako.