Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Printzipio etikoa

Terrorismoaren biktimak oroitzeko eguna aprobetxatu zuen Lakuako gobernuak, Urkullu buru zuela, Alderdi Ederreko lorategian betiko hitz hanpatuen bidez guztiok gaztigatzeko. «Inoiz ez zuen gertatu behar», «inoiz ez du errepikatu behar» bezalako esaldi solemneekin, hiltzea, torturatzea, bahitzea eta abar gaizki dagoela esateko. Nola esan, Moises baten antzera besteri bidegabea izan zela aitortzeko azpimarra eginez, autokritika sakon bat egin behar dutela esanez, baina beren burua orotariko gaizkiaren gainetik ezarriz. Bi printzipio etiko eta demokratiko asumitu behar omen ditugu: giza eskubideak eta aniztasuna. Bego. Kontua da, ordea, zeri deitzen dion «giza eskubideak» eta zeri «aniztasuna». Hitzak hitz baitira, zehazten ez badira, ahalduntzen ez badira.

Esaera zaharrak dio egiak ez dituela bi bide. Estatu indarkeriak eragindako sufrimenduak aitortzarik ez duela esan zuen, baina ondotik ez du ezer egiten injustizia hori konpontzeko. Eta asko dira aitortza ofizialik gabe, bakardadean eta ahanzturaren putzuan dauden biktimak. Orduan giza eskubideak aipatzen direlarik noren giza eskubideez ari da «guztion» lehendakari dena? Zein da biktima batzuk aitortzera eta gehiengo handi bat baztertzera daraman «pedagogia demokratiko» hori? Zein da egiten duen aritmetika edo kalkulu politikoa? Zergatik borondate falta hori? Urkulluk buruan dituen printzipio etiko eta demokratiko horiek unibertsalak ote diren galdetzera narama horrenbestez.

Egia, justizia eta erreparazioa behar dutela esan zuen, baina diskriminatuak sentitzen dira Pasaiako segadan erail zituztenen senideak, Anjel Berruetarenak, German Rodriguezenak, Josu Muguruzarenak, Kepa del Hoyorenak, Kontxi Sanchizenak eta abar eta abarren senideak. Inoren aitortza ofizialik gabe senideok beren kabuz hasiko dira egiaren bila zauriak ixteko.

Jakin nahiko nuke senide hauek guztiak zergatik ez diren Urkulluren printzipio etikoan sartzen.